Amurrioko zezen-zaleen elkarteak ez ohiko bilera egingo du maiatzaren 7an bere etorkinari buruz eztabaidatzeko. Taldeko bozeramaileek adierazi zuten bere eginkizun nagusia zela zekorketaren antolakuntzan laguntzea orain arte eta Amurrioko Udalak bertan behera utzi duenez, elkarteko zuzendaritzak ez daki jarraitzea zentzurik duen. Hori erabakitzeko bazkideekin -280 inguru- elkartuko dira.
Hori jakinarazteko Amurrioko zezen-zaleen elkarteak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo eta, besteak beste, azaldu zuen ez dutela zerikusirik izango aurtengo jaietako egitarauarekin.
Udal gobernu taldeari kritika
Fernando Lopez elkartearen presidenteak gogor kritikatu zuen EAJren jarrera. Hasteko, argudiatu zuen zekorketaren publikoa ez dela jaitsi. Presidenteak argitu zuen koadrilek, gonbidatu gisa, utzi diotela joateari, baina, hala ere, sarrera ordaintzen duten pertsonen kopurua mantendu dela.
Bestalde, zezen-zaleen elkarteak salatu zuen udal gobernu taldeak ez ziela aurreratu zekorketa bertan behera uzteko asmoa, eta hedabideen bitartez jakin izan dutela erabakia.
Gainera, leporatu zioten EAJri gezurretan aritzea, enpresa batekin negoziatzen ari baitzen ordezko ikuskizuna antolatzea eurekin harremanetan zeuden bitartean.