"Nire gaur egungo planek ez dute bat egiten Amurriora bueltatzearekin"

Erredakzioa 2016ko api. 13a, 10:15

Bere ikasketekin erlazionatutako lanik topatzen ez zuelako joan zen GARAZI ABURUZA GOTI (Amurrio, 1992) Cambridgera lan bila. Bertan dago orain, lan bila.

Elkarrizketa hau atzerrira lanera edo lan bila joan diren aiaraldearrei buruzko serie baten parte da. Serieko beste elkarrizketak ikusteko egin klik hemen.

Bere ikasketekin erlazionatutako lanik topatzen ez zuelako joan zen GARAZI ABURUZA GOTI (Amurrio, 1992) Cambridgera lan bila. Bertan dago orain, lan bila.

Elkarrizketa hau atzerrira lanera edo lan bila joan diren aiaraldearrei buruzko serie baten parte da. Serieko beste elkarrizketak ikusteko egin klik hemen.

Zer dela eta erabaki zenuen atzerrira joatea lan bila? Nola bukatu zenuen Cambridgen?

Unibertsitatea bukatu nuenean urtebetez ibili nintzen lan bila, arrakasta handirik izan gabe. Nire ikasketekin zer ikusirik ez duten lanetan baino ez nuen lan egin. Orduan, nik nahi nuen lanpostuetan aritzeko ingelesa beharrezkoa nuela konturatu nintzen. Ingeles eskolan egon nintzen, baina ikusi nuen ez nuela nik nahi nuen beste aurrera egiten eta atzerrira joatea erabaki nuen orduan. Zorionez, Cambridgen bizi izan zen lagun bat ezagutu nuen lanean eta berak lagundu zidan bertara joaten.

Zertan hasi zinen lanean? Zer nolako lana zen?

Hona etorri nintzenean lana hitzartuta nuen. Cambridge Unibertsitateko “college” batean ibili nintzen zerbitzari moduan. Hasteko ez dago gaizki, soldata ondo dago eta lan-orduak nahiko onak dira. Gauza da bertan lan egiten zuten gehienak espainiarrak zirela eta arazo handia zen hori, ez nuelako ingelesa praktikatzen eta erabat trabatuta geratu nintzelako. Orduan, lana utzi eta eskola batean lana bilatzea erabaki nuen, irakasle moduan, horretarako ikasi baitut nik.

Orain lan bila zabiltza. Zaila da lana topatzea? Zer motatako lanak topatu dituzu?

Lanaren arabera zailagoa izan daiteke. Titulazioa eskatzen duten lanpostuetan, normalean ingeles maila altua ere eskatzen dute. Adibidez, nire kasuan, lehen hezkuntzako irakasle izateko ez du balio unibertsitateko tituluarekin bakarrik, hizkuntzarekin ere behar adinako maila izan behar duzu.

 

"Zerbitzari, saltzaile edo umezain moduan lan egiteko ez da beharrezkoa ingelesa jakitea. Orduan, lan horiekin hastea aukera bat izan daiteke, eta behin hizkuntza-oinarri ona izanda, zuk ikasitakoarekin lotutako lana bilatzea daukazu"

 

Ni orain haur hezkuntzan bilatzen ari naiz. Lanpostu asko daude eta ez dute eskatzen ingeles maila oso altua.

Badago bertako gobernuaren partetik bertara joandako pertsonentzako laguntzarik?

Ez dakit, egia esan. Baldin badago, nik ez dut eskatu. Nik dena lotu nuen hona etorri baino lehen. Laguntza jasotzen duen inor ere ez dut ezagutzen.

Amurrio faltan botatzen duzu? Baduzu itzultzea buruan?

Lagunak eta familia beti botatzen dituzu faltan, argi dago. Baina egia esan ez dut horretan gehiegi pentsatzen.

 

"Batek daki noizbait bueltatuko naizen edo ez"

 

Momentuz oso gustura nago eta nire gaur egungo planek ez dute bat egiten Amurriora bueltatzearekin. Hasieran ingelesa ikasteko ideiarekin etorri nintzen baina, behin hemen egonda, bidaiatzea eta hainbat lekutan bizitzea zein polita den konturatu naiz, eta bolada luzean horretan ibiltzea gustatuko litzaidake. Amurrio beti egongo da hor, eta mundua ezagutzeko momentu perfektuan nagoela sentitzen dut.

Nolakoa da atzerrian lan bila aritzea? Uste zenuen bezalakoa izan da edo ez da izan uste zenuen bezalakoa?

Atzerrira joateko beldurra izan dezakezu beti, ezagutzen ez duzun zerbait delako, azken finean; are gehiago hizkuntza ezberdina denean. Urduri jartzen zara eta aireportuan negar egiten duzu... baina behin beldur hori gaindituta, esperientzia paregabea eta oso atsegina da. Lotzen zaituen ezer ez dagoela konturatzen zara, zure helburu guztiak lortu ditzakezula; izugarri hazten zara.

Nik uste nuena baino hobea ari da izaten esperientzia hau. Nik ez dut aurrera egitea galarazi didan zailtasunik izan. Laguntzeko prest dauden pertsonak ezagutuko dituzu, pertsona asko daude zure egoera berdinean eta beti topa dezakezu bideren bat. Lana aldatu dezakezu, aukera mila daude. Aske zara nahi duzuna egiteko eta, bitartean, zure burua ezagutzeko aukera izango duzu, esperientziaz gozatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide