Amurrioko Udal Gobernu taldeak 12.608.991,09 euroko aurrekontu zirriborroa aurkeztu du. Gainerako taldeek apirilaren 11ra arte tartea izango dute dokumentua aztertu eta proposamenak egiteko.
Ondoren, behin betiko onarpena eztabaidatuko dute Ekonomia Politiken Batzordean.
Zirriborroari dagokionez, iaz baino 700.000 euro gutxiago izango du herriak aurten, ur eta estolderiaren zerbitzuari dagokion tasa orain Kantauriko Urkidetzak jasotzen duelako.
Inbertsioak
Egindako proposamenean inbertsiotarako 1.353.840,33 euro erabiltzea aurreikusi du Gobernu taldeak.
Horien artean daude Obra eta Zerbitzuen Foru Planari aurkeztutako obrez gain, Reforretik Saratxoko industria gunera doan bidegorria eraikitzeko obra, Amurrioko umeentzako parkeen konponketa, Bañueta kiroldegian biomasa sistemaren instalazioa eta Erretiratuen Kluberako altzari berriak erostea.