"Lehenengoz Baranbiora etortzen denarentzat hoberena da Garrastatxuraino igotzea"

Erredakzioa 2016ko api. 3a, 17:16

JESUS MARI BERNAOLA (Baranbio, 1950) Baranbioko Administrazio Batzarraren lehendakaria da eta Euskal Herriko Biraren 2. etaparen bukaera prestatzen ari da, hainbat herritarren laguntzarekin. Asteartean puntako txirrindulari askok Garrastatxuko aldapa igoko dute bertan lasterketa bukatzeko.

Nolakoa izan da Baranbioko hautaketa Euskal Herriko etapa bat bertan buka dadin?

JESUS MARI BERNAOLA (Baranbio, 1950) Baranbioko Administrazio Batzarraren lehendakaria da eta Euskal Herriko Biraren 2. etaparen bukaera prestatzen ari da, hainbat herritarren laguntzarekin. Asteartean puntako txirrindulari askok Garrastatxuko aldapa igoko dute bertan lasterketa bukatzeko.

Nolakoa izan da Baranbioko hautaketa Euskal Herriko etapa bat bertan buka dadin?

Azaroan Mikel Landa egon zen hemen ikusten ea posible zen Garrastatxun etapa bat bukatzea. Horren ostean gora eta behera ibili gara Euskal Herriko Federazioarekin; etorri ziren, ikusi zuten eta zer zegoen alde eta aurka aztertu zuten. Hiru edo lau hilabete egon gara horrela eta azkenean onartu dute.

"Zenbait hobekuntza egin dugu, Garrastatxuko bidea apur bat hondatuta baitzegoen, zulo batzuk zituen eta. Foru Aldundiak prest agertu zen eta konponketak egin ditu".

Antolatzaileek herriko lokalen inguruan ere interesatu dira, jakiteko zer azpiegitura mota dauzkagun etorriko diren telebistak eta kazetariak hartzeko.

Horrela lortu dugu Garrastatxun bukatzea Euskal Herriko bigarren etapa.

Orduan, ahalegina egin duzue etapa Baranbion egin dadin.

Bai, herriko jendeak lagundu du eta udalak ere. Esan bezala, dena prestatzen ari gara eta Garrastatxuko bidean dauden adarrak moztu eta bide bazterrak garbitu ditugu. Horrez gain, goiko aldea txukundu dugu ahalik eta jende gehien sar dadin.

Bestalde, azpiko partean, herrian, dauzkagun lokalak -nesken eskola, adibidez- atondu ditugu etorriko diren lagunentzat: 40 inguru etorriko dira. Administrazio Batzarraren lokala ere lagako diegu. Baita sendagilearen kontsulta ere. Funtsean, daukagun azpiegitura osoa.

Pozik zaudete herrian hautaketarekin?

Bai, normala denez. Horrelako ekimenak ez dira urtero gertatzen. Denon laguntzari esker lortu dugu, Aldundiak bidea konpondu du, udalak ere lagundu du eta herriko jendea, nola ez, prest dago bete behar diren lanei ekiteko.

Zein da zure ustez leku aproposena lasterketa gozatzeko?

Zalantzarik gabe, Garrastatxuko igoera. Ahalik eta hoberen ikusteko leku aproposena da; bide erdian edo goian. Jende guztia ikus dezan, agian Garrastatxuko igoeraren bide erdia.

Gainera autobus zerbitzua eskainiko dute Amurriotik Baranbiora jotzeko.

Asteazkenean elkartu ginen Julian Eraso Euskal Federazioko lehendakariordea, Ertzaintza, Amurrioko udaltzaingoa eta Josune Irabien alkatea.

Baranbioko arazoa da aparkalekua; eskasa da. Arazoak ekiditeko pentsatu genuen ideia ona zela autobusa jartzea Amurriotik. Reforren egongo da puntu bat eta hortik Baranbiora ekarriko dituzte.

Jende asko Baranbiora joango dela profitaturik, zer gomendatuko zenieke?

Lehenengoz Baranbiora etortzen denari esango nioke hoberena dela Garrastatxuraino igotzea. Ikus dezan zein toki polita den. Bidean ikus dezakete herria ere oso ondo dagoela.

Hori egiten badute gustura joango dira herritik.

Zuen lana bukatu da dagoeneko edo ardurak izango dituzue lasterketan bertan?

Ez, guk lagundu beharko dugu: udaltzainak edo ertzainak trafikoa bideratzen edo jendeak aparkatu dezan, herrian zein Garrastatxun. Denon artean egin beharko dugu.

Guk uste dugu eguraldi ona eginez gero jende asko etorriko dela.

Zer nolako giroa dago Baranbion lasterketaren harira?

Egia esanda txirrindulari asko ez dago Baranbion, baina horrelako gauzak ez dira urtero gertatzen eta horregatik herriko jende oro prest dago laguntzeko.

Hala ere, zaletasuna badago eta lehenengo aldiz igaroko da Euskal Herriko Bira Baranbiotik.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide