Otsailetik, IKTen (industria eta komunikazio teknologia) arloko aholkularitza- eta garapen-enpresa batek eta bizitza osasungarrirako kirol-psikologiako zerbitzu espezializatuak ematen dituen beste ekimen batek Reforamurrio Enpresaldeko instalazioak aukeratu dituzte beren enpresa-proiektuaren kokaleku gisa.
Hala, zortzi enpresa daude instalatuta Zentroan eta une honetan hiru modulu bakarrik daude libre (hamaika daude guztira). Zifra hau gertu dago Reforamurrio Enpresaldeak izan duen okupazio-indize altuenetik. Indize hori 2008-2009 urteen artean erregistratu zen, eta orduan bederatzi enpresa egon ziren instalatuta bertan.
2009. urtetik aurrera, krisiaren ondorioak zirela eta, okupazioa jaitsi egin zen, eta urteko batez bestekoa bost edo sei enpresakoa izan da ordutik. Azken bi ekitaldietan mugimendu handiagoa egon dela ikusi da, instalazioak erabiltzeko eskaerak areagotu egin baitira.
Une honetan zentroan dauden enpresen jarduerak askotarikoak dira, betiere zerbitzuen sektorearen barnean. Aurrez aipatutakoez gain, honako jarduera hauek gauzatzen dira zentroko espazioetan: arkitektura-estudio bat, erakunde edo entitateentzako zerbitzu integralen enpresa bat, ingeniaritzako eta goi- eta behe-tentsioko muntaia elektrikoko zerbitzuak,
barne-diseinuko estudio bat, komunikazio- eta publizitate-enpresa bat eta, azkenik, merkataritza- eta industria-diseinuko enpresa bat.
Tamaina txikiko baina balio erantsi handiko ekimen edo enpresak dira, eta horietan profil teknikoak dituzten pertsonek edo prestakuntza handiagokoek egiten dute lan.
Gaur egun, 15 pertsonak egiten dute lan enpresa horietan; nagusiki, Amurrioko gazteak. Alabaina, badaude beste herri batzuetako eta ibilbide profesional luzeko pertsonek sustatuko proiektu batzuk ere.
“Aniztasun hori aberasgarria da zentroarentzat, eta enpresen arteko sinergiak eta lankidetza ahalbidetzen ditu; hala, bete egiten da Reforamurrio Enpresaldea sortzeko helburuetako bat. Asmoa da, batetik, ekimen berrientzako espazio fisiko edo zerbitzu komunak ematea eta, bestetik, beste enpresa batzuk gure udalerrira erakarriko dituen edo talentu-ihesa saihestuko duen dinamismo eta jarduera bat sortzea”, adierazi du Amurrio Bideaneko Enpresak Sortzeko teknikariak.
2005ean inauguratu zenetik, 28 enpresa egon dira zentroan eta 51 pertsonak egin dute lan bertan. Amurrio Bideanek adierazi duenez, “besteren kontura sortutako enplegua eta ekimen desberdinen sustatzaileek sortutako autoenplegua izan da”.