"Kataluniako independentziaren aldeko mugimendua jende arruntak bultzatu du, ez eliteek"

Erredakzioa 2016ko mar. 9a, 10:25

LIZ CASTRO (California, 1965) Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako kataluniarra da eta independentziaren aldeko mugimenduan dihardu Assemblea Nacional Catalanan. Gaur Amurrion hitzaldia eskainiko du Katekesi Aretoan, 19:00etan.

Gaur Amurrion egongo zara, zeri buruz hitz egingo duzu?

Bereziki landuko dut pertsonek, norbanakoek eta erakunde zibilek daukaten garrantzia Kataluniako independentzia sustatzean. Horri esker gizartea eraldatzeko saiakera egiten ari dira, modu bakezale eta demokratikoan eta azpitik.

LIZ CASTRO (California, 1965) Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako kataluniarra da eta independentziaren aldeko mugimenduan dihardu Assemblea Nacional Catalanan. Gaur Amurrion hitzaldia eskainiko du Katekesi Aretoan 19:00etan.

Gaur Amurrion egongo zara, zeri buruz hitz egingo duzu?

Bereziki landuko dut pertsonek, norbanakoek eta erakunde zibilek daukaten garrantzia Kataluniako independentzia sustatzean. Horri esker gizartea eraldatzeko saiakera egiten ari dira, modu bakezale eta demokratikoan eta azpitik.

"Gure mugimendua ez dute bultzatu politikariek ez eliteek, pertsonak arruntek baizik".

Norbanako horiek bere buruari galdetu diote: “zer egingo dut hau aldatzeko?” eta gauzatu dute.

Hori hazi da harik eta milioika pertsonak kalera atera dituen arte bozkatzeko eskubidea aldarrikatzeko azaroaren 9an eta parlamentuan iazko irailean.

Nola bizi izan duzu zuk prozesuaren sorrera eta zabalpena?

Nik modu apur bat ezberdinean bizi izan dut. Izan ere, Kataluniara bizitzera etorri nintzen 1987an, jatorriz estatubatuarra bainaiz, baina berehala konturatu nintzen Katalunia beste herrialde bat zela, berezia zela eta Espainiari dagokionez.

Nik hori azaltzeko nahia nuen, etxean, Ameriketako Estatu Batuetan... eta hori hazten joan zen.

"Orduan, 2010ean, mugimenduaren nondik norakoak azaltzen hasi nintzen twitter bitartez, interneten, testu batzuk itzuli nituen... eta liburu bat argitaratu nuen".

Saiakera sorta da eta hainbat akademikok, irakaslek, ekonomialarik eta politikatik azaldu zuten mugimenduaren independentistaren gakoa eta zergatik Kataluniak egin nahi duen alde Espainiatik.

ANC-en hasieratik parte hartu dut, 2011tik, hain zuzen. Oso interesatuta nago ez delako talde politikoa. Norbanako taldea da eta euren helburua da Kataluniaren independentzia.

Aipatu duzu nazioarteko esparruan zabaltzen dituzula mugimendu independentistaren argudioak, nolakoa da zure lana?

Nazioarteko harremanei dagokionez bi helburu ditugu. Alde batetik, Katalunia kanpoan ezagutu dezaten. Orain gehiago ezagutu eta ulertzen dute zer den Katalunia. Bistakoa da herri bakoitzak bere arazoak dauzkala eta ezin dela larritu gainerakoen auziak direla medio, baina manifestazioek, besteak beste, irakatsi dute zer den Katalunia eta zergatik lortu nahi duen independentzia.

Hortaz, gure lana da artikuluak itzultzea, zabaltzea eta partekatzea sare sozialetan eta web-atarietan.

"Bestalde, gure eginkizuna da atzerriko politikariekin harremanetan jartzea eta azaltzea zer gertatzen ari den kanpoko diputatuei eta ordezkariei".

Gales eta Alemaniako jendearekin aritu naiz eta asteburuan Eskoziara joko dut. Gainera, eskutitzak ere idatzi ditut. Gure lana da mundua konbentzitzea, Kataluniak bere etorkizunari buruz erabaki dezan.

Zer nolako harrera dauka mezu horrek?

Oro har, herrialde bakoitzak bere arazoak dauzka eta hori da interesatzen zaiena. Hala ere, demokraziari eragiten dion gatazka dela ikusten dutenean, oso ondo ulertzen dute. Azken finean, jendeak bozkatu nahi du.

"Estatu Batuetako jenderik atzerakoiena ere ulertzen du pertsonek izan beharko luketela euren etorkizun politikoa erabakitzeko ahalmena. Horren inguruan zalantzarik ez dago".

Bestalde, status quoak indar handia dauka eta zaila da gauzak aldatzea. Jendeak ez du ondo onartzen zatiketa, adibidez.

ANC-ko kide garrantzitsua izanik, zure jatorri estatubatuarrak ardura handiagoa ematen dizu?

Nire jatorria gizarte kataluniarraren isla da, beti ongi etorriak izan baitira. Kataluniarren %70ak kanpoko gurasoak ditu, kide bat behintzat. Nik horietako beste bat naiz.

Estatu Batuetan jaio nintzen eta nire gurasoak ez ziren Kataluniakoak, baina 22 urterekin hona etorri eta geratu nintzen.

"Etorkin ugarik lan egiten du independentziaren alde, ez nik bakarrik".

Assemblean beste lekutako jendea dago, normala denez. Estatu Batuetan ere etorkin askok lan egiten du herrialdeak hobera egin dezan. Leku berrira joaten zarenean ekarpena egin nahi duzu ahalik eta hoberen izan dadin.

Ardura gehiago da? Bai, herrialde berrira joaten zarenean eta ondo tratatzen zaituenean zerbait itzuli nahi diozu.

Mezuren bat daukazue Euskal Herria zabaltzeko?

Nik uste asko ikasi dezakegula bakea eta demokrazia sustatzen dituzten mugimenduei esker. Jendea entzun behar dugu, erabakitzeko eskubidea baitute.

Azkenaldian beste mugimendu independentistei buruz irakurtzen ari naiz eta asko ikasi dut. Espero dut hori gauzatzeko parada izatea Katalunian eta Euskal Herrian Kataluniatik zerbait ikasteko aukera badute, ondo legoke erabilgarria izatea.

Nik uste dut badaudela gauzak ikasteko; antolatzeko, adierazteko, elkarbizitza eraikitzeko moduak... Gauzak komunean ditugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide