Tubos Reunidos enpresak ez du baztertzen Enplegua Erregulatzeko Espedientea egitea

Erredakzioa 2016ko ots. 18a, 11:20

Atzo Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak bilera egin zuen Iñigo Urkullu Lehendakariarekin, bere egoera azaltzeko. Hitzorduaren ostean, Pedro Abasolo presidentea ETBko kazetariekin mintzatu zen eta adierazi zien ez dutela baztertu enplegua erregulatzeko espedientea abiatzea, behin behinekoa, hain zuzen.

Atzo Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak bilera egin zuen Iñigo Urkullu Lehendakariarekin, bere egoera azaltzeko. Hitzorduaren ostean, Pedro Abasolo presidentea ETBko kazetariekin mintzatu zen eta adierazi zien ez dutela baztertu enplegua erregulatzeko espedientea abiatzea, behin behinekoa, hain zuzen.

Zuzendaritzako kideak azaldu zuen 2015ean 8,5 milioi euro galdu dituela Tubosek eta bere akzioek %62ko balioa galdu dutela, petrolioaren prezioaren jaitsiera dela eta. Horrez gain, erantsi zuen lantegietan ez dagoela lan kargarik. Hala ere, Pedro Abasolok espero du egoerak hobera egitea eta petrolioa garestitzea.

Hala ere, aintzat hartu behar da urtarrilean 3 istripu larri gertatu zirela Amurrion.

Sindikatuei ez diete ezer adierazi

Iturri sindikalek adierazi dute enpresak ez diela ezer komunikatu. Horien ustez, enpresak beldurra sortu nahi du langileengan. Langileen ordezkariek azpimarratu dute hedabideen bitartez jaso dutela horren berri.

Aldi berean, sindikatuetatik azpimarratu dute enplegua erregulatzeko espedientearen bitartez galerak publiko eta mozkinak pribatu egin nahi dituztela.

LABen oharra

LAB sindikatuak oharra kaleratu du eta errespetu faltatzat jo du langileek hedabideak begiratu beharra enpresaren asmoak ezagutzeko. Aldi berean, nabarmendu du orain komunikabideek eta Tubos Reunidoseko zuzendaritzak galerak aipatzen dituztela, baina ez dutela ezer esaten aurreko urteetan banatutako etekinei buruz.

Zentzu horretan, neurriak hartzekotan, LABek uste du konpondu behar dutela enpresan dagoen kaosa antolakuntzaren esparruan; erakundearen aburuz, 12 egunetan 3 istripu jazotzea horren adibidea da.

Amaitzeko, LABek gogorarazi du atzo adierazpenak egin zituen Pedro Abasolok, orain dela gutxi “Jose Mari Korta” saria jaso zuela Eusko Jaurlaritzaren eskutik bere ibilbide enpresarialagaitik. "Azpimagarria iruditzen zaigu sari hau emotea, Urkulluk egun horretan bertan, enpresen biziraupena ez doala bat kostuen murrizketarekin, kalitatearekin baizik esan zuenean" erantsi dute.

 

Beldurraren politika, ELAren ustez

 

ELA sindikatuak ere oharra plazaratu du Tubos Reunidosen jarrera salatzeko. Langileen erakundearen aburuz, enpresak abiatu du kanpaina langileak beldurtzeko. Izan ere, abendutik espediente batekin mehatxatu dute, soldatak jaitsi ezean.

 

ELAk azpimarratu du Eusko Jaurlaritza eta Lehendakaria izaten ari direla enpresaren laguntzaileak; ez bakarrik zuzendaritzaren exijentzien bozgorailu lana egin dutelalako, baita sindikatuen eskaerak baztertzen dituztelako. Antza, ELAk duela urtebete baino gehiago bilera eskatu dio Industria Sailari, eta erantzunik jaso gabe jarraitzen dute.

 

Bestalde, sindikatuak Tubos Reunidoseko zuzendaritzari gogoratu dio 2015eko lehen 9 hilabeteetan dirutza irabazi duela.

 

Espedientea Trapagan

 

Tubos Reunidos enpresak Trapagan lantegia dauka eta dagoeneko iragarri dute bertako langileei enplegua erregultzeko behin behineko espedientea egingo diotela.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide