"Jasotako bi sari oso garrantzitsuak dira, tesiak izandako oihartzun zientifikoa ebaluatzen baitute"

Erredakzioa 2016ko ots. 17a, 08:49

JASONE ASTORGA (Amurrio, 1981) ingeniaria eta telekomunikazioetan aditua da. Hiru sari jaso ditu Ladon protokoloari buruzko tesia egin ostean.

Zure tesiak bi sari jaso ditu, zeintzuk izan dira eta nola sentitu zara lorpen horiei esker?

JASONE ASTORGA (Amurrio, 1981) ingeniaria da eta telekomunikazioetan aditua. Hiru sari jaso ditu Ladon protokoloari buruzko tesia egin ostean.

Zure tesiak bi sari jaso ditu, zeintzuk izan dira eta nola sentitu zara lorpen horiei esker?

Egia esanda oso pozgarriak dira sari guztiak, tesi batek lan handia suposatzen du eta errekonozimendu bat lortzen duzunean lan horrek pena merezi izan duela ikusten baituzu.

Lehenengoa izan zen COIT-ak (Telekomunikazio Ingeniarien Elkargo Ofizialak) urtero aurkezten diren arlo ezberdinetako tesi onenei ematen dien saria.

Oso sari garrantzitsua da, azken baten, Estatu mailan telekomunikazioen esparruan defendatu diren tesi guztiak aurkezten baitira sari hauetara”.

Gero, EHUko doktorego sari berezia jaso nuen. Horiek, azken urtean defendatutako tesien artean Unibertsitateak banatutako sariak dira.

Bi sari hauek oso garrantzitsuak dira esparru akademikoan eta tesiak izandako oihartzun zientifikoa ebaluatzen dute batez ere”.

Azkeneko saria Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ikerkuntzaren arloan emandako saria da.

Sari horrek ilusio berezia egin zidan, Datuen Babesaren arloan normalean lanak juridikoak izaten baitira nagusiki, eta nirea lan teknikoa izanik, ilusio handia egin zidan saritua izatea.

Internet segurtasunari buruzko tesia da zurea eta Ladon protokoloa garatu duzu horretarako, zertan erabili daiteke eta nortzuk erabili dezakete?

Ladon protokoloa Internet of Things (Gauzen Interneta) deritzonaren testuinguruan garatu dugu.

Hori sentsoreen hedapen masiboan oinarritzen da, edozein motako informazioa batzeko: adibidez, hiritan tenperatura, hezetasuna, kutsadura maila, toki batetik pasatzen diren kotxe edo pertsona kopurua, edota beste edozein aldagai monitorizatzeko.

Testuinguru horietan, Ladon garatu dugu sentsoreek batzen duten informazioa baimendutako pertsonek bakarrik eskuratuko dutela ziurtatzeko”.

Era berean, protokolo horren bitartez sentsoreak konfiguratzeko gaitasuna baimendutako pertsonei ere mugatzen da.

Hori are garrantzitsuagoa da informazio kritikoa batzen duten sentsoreen kasuan, adibidez, sentsore medikoak, taupada-markagailuak bezala. Kasu horietan ezinbestekoa da ziurtatzea sentsorean parametroren bat aldatzeko gai izango den bakarra medikua dela. Helburu hori lortzeko mekanismo teknikoak inplementatzen ditu Ladon protokoloak.

Zenbat urtez aritu zara proiektua egiten?

Ladon protokoloa urteetan zehar ikerkuntza esparru ezberdinetan egindako lanaren ondorioa da.

Jatorrizko ideia “C@R: Collaboration at Rural” Europako Proiektuaren testuinguruan sortu zen, 2007an. Proiektu honetan gure ikerkuntza taldearen eginkizuna zen software modulu ezberdinen arteko komunikazioak babesteko mekanismo bat garatzea.

Software modulu hauetariko batzuk memoria, prozesamendu eta energiari dagokionez, oso gaitasun mugatuak zituzten sentsoreetan exekutatzen ziren.

Hemen konturatu ginen ez zela existitzen sentsoreekiko interakzioak babesteko mekanismo eraginkor eta dinamikorik”.

 Proiektu honetarako garatu genuen protokoloa urteetan zehar hobetu eta frogatu dugu, 2013an nire tesian aurkeztu nuen Ladon protokoloa sortu arte.

Zergatik bideratu duzu zure lana segurtasunera?

Nik ikerkuntza talde batean garatzen dut nire lana (I2T, Ikerkuntza eta Ingeniaritza Telematikoa) eta gure taldean betidanik izan dugu interesa komunikazioetan eta sareetan segurtasunarekin zerikusia daukaten gaietan.

Ez dugu bakarrik sentsoreen arloan lan egiten, adibidez, garraio sistema adimendunen (ITS, Intelligent Transport System) esparruko komunikazioak babesteko mekanismoak garatu ditugu ere.

Smart Cityen inguruko hitzaldiak ere eskaini dituzu EHUn, zer da kontzeptua eta zergatik iruditzen zaizu erakargarria?

Smart Cityak edo hiri adimendunak Gauzen Internetarekin oso hertsiki erlazionaturiko kontzeptua da.

Azken finean, horiek ere sentsoreetan oinarritzen dira datu bolumen handiak eskuratzeko, gero informazio hau erabilita, hiritarren erosotasuna, segurtasuna eta hirien jasangarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Jakin-mina” programak DBHko ikasleentzako gai ezberdinei buruzko hitzaldiak antolatzen ditu.

Nire lanarekin erlazionaturiko gai bati buruzko hitzaldi bat ematea eskatu zidatenean, Smart Cityetan pentsatu nuen. Alde batetik, DBHko ikasleentzat interesgarria izan zitekeen gai bat zela uste nuen, aplikazio asko eurentzako ezagunak baitira.

Gainera, gure lana modu praktikoan eta xehetasun teknikoetan sartu barik azaltzeko modu bat da, Smart Cityetan erabiltzen diren aplikazioak adibide modura hartuta.

Zeintzuk dira zure asmoak etorkizunerako, unibertsitatean aritzea edo beste gauza bat pentsatu duzu?

Unibertsitatean egiten dudan lana oso interesgarria iruditzen zait. Azken finean, etorkizuneko Interneten erabiliko diren protokolo eta teknologietan lan egiten dugu. Irakaskuntza ere asko gustatzen zait eta ikasleekiko harremana oso atsegina suertatzen zait.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide