"Indarkeria matxista liburuan jorratzea erabaki nuen"

Erredakzioa 2016ko ots. 5a, 19:04

AINARA VILLACORTA (Amurrio, 1978) Melillan bizi da orain eta bertan idatzi du “Azul tormenta, lluvia añil”, argitaratu duen lehen eleberria.

“Azul tormenata, lluvia añil” argitaratzen duzun lehenengo eleberria dugu. Zergatik hau eta ez idatzi dituzun beste batzuk?

Gehienbat prest nagoelako liburua argitaratu eta zabaltzeko. Aurretik idatzitako liburuei zerbait falta zitzaien. Gozatzeko idatzi nuen aurrekoa baina ez nengoen prest jendearekin partekatzeko.

6 edo 7 urte nuenetik idazten dut; ipuinak eta umeentzako liburuak idazten hasi nintzen.

AINARA VILLACORTA (Amurrio, 1978) Melillan bizi da orain eta bertan idatzi du “Azul tormenta, lluvia añil”, argitaratu duen lehen eleberria.

“Azul tormenata, lluvia añil” argitaratzen duzun lehenengo eleberria dugu. Zergatik hau eta ez idatzi dituzun beste batzuk?

Gehienbat prest nagoelako liburua argitaratu eta zabaltzeko. Aurretik idatzitako liburuei zerbait falta zitzaien. Gozatzeko idatzi nuen aurrekoa baina ez nengoen prest jendearekin partekatzeko.

6 edo 7 urte nuenetik idazten dut; ipuinak eta umeentzako liburuak idazten hasi nintzen.

Liburu hau idazten hasi zinenean erabaki zenuen argitaratzen saiatuko zinela?

Egia esanda, liburua bukatu baino lehen erabaki nuen; mamitzen ari nintzela ikusi nuen itxura polita hartzen zuela. Gainera, ez nuen bakarrik idazten, irakur zezaten ematen nien ingurukoei: senarrari, nebari, lehengusinari... euren iritzia jasotzeko.

Eta hori egin eta gero guztion ondorioa izan zen pena balio zuela argitaletxe batean aurkeztea.

Eta nolakoa izan da esperientzia hori?

Lehenik eta behin, oso zaila da argitaletxe baten interesa erakartzea. Nik, esate baterako, Planeta, Penguin eta horrelako argitaletxe handiei ez diet ezta bidali ere. Hasteko, ez dute egile berriei erreparatzen eta eskuizkribuaren kopia egin behar da, postaz bidali... nire jatorrizko testuak 500 orrialde baino gehiago dauzka.

Bestalde, argitaletxe handiek ez daukate inolako interesik idazle berriekiko; ez daude prest arriskuak hartzeko. Duela gutxi irakurri dut literatura-agente bati egindako elkarrizketa; Sandra Lunari, hain zuzen, oso ospetsua da. Emakume horrek aipatzen zuen eskuizkribu ugari bidaltzen diela argitaletxe handiei eta askotan euren erantzuna dela oso ondo daudela baina egilea guztiz ezezaguna dela. Ondorioz, ez dute arriskurik hartzen.

"Horregatik, argitaletxe berrien aldeko apustua egin behar dugu; prest baitaude arrisku txikiak hartzeko egile berria aukera bat emateko".

Jende orok esan zidan pazientzia handia izan behar nuela. Argitaletxeek 6 hilabete edo urtebete behar dute erantzuteko eta niri pazientzia falta zitzaidan; niretzat denbora galdua zen-eta.

Fugit nirekin harremanetan jarri zen eta gogoko nuen bere eskaintza. Horrez gain, negoziatzeko prest zegoen, oso interesatuta baitzegoen liburuan. Hori dela medio baiezkoa eman nien.

Geroago beste argitaletxe batzuen erantzunak jaso ditut. Batek esan zidan testua irakurtzear zegoela... 10 hilabete igaro eta gero! Oso prozesu motela eta astuna da.

Baina baiezkoa eman ostean azkartu zen?

Argitaletxe honekin dena oso azkarra izan da. Hasteko, euskarri elektronikoan kaleratu zuten. Nik azaroan sinatu nuen kontratua eta abenduan euskarri elektronikoan zegoen.

Eta ostiralean paperean argitaratu zuten. Oso azkarra izan da. Inoiz ez didate arazorik ematen, ez aitzakiarik... oso pozik nago, gauzak errazten baitizkidate.

Orain liburua promozionatzeko garaia da?

Bai, aurkezpenak egiteko asmoa daukat. Amurrion egingo dut lehenengokoa martxoan; aurkezpena eta liburu sinadura. Bilboko La Casa del Librorekin ere harremanetan nago. Gasteizen ere egin nahi dut. Hemen, Melillan, idazleen elkarteak lokala utziko dit aurkezteko.

"Gaur egun, argitalpen mundua liburuz gainezka dago, bakoitzak berea argitaratzeko aukera dauka-eta, baina, hala ere, liburu dendetako apaletan argitaletxe handien liburuak besterik ez dira ikusten".

Beraz, irakurleengana iristeko, promozioa egin beharko dut etengabe.

Zein da liburuaren gairik nagusiena?

Abiapuntua galdera batean sortzen da: denboran atzera egiteko gaitasuna izango bagenu, dakiguna jakinda, zer akats mota ez genuke errepikatuko?

Ideia horrekin sortu zen liburua. Bestalde, indarkeria matxista gizartean dagoen arazoa da, eta konpondu ordez, badirudi okerrera egiten duela. Horregatik erabaki nuen hori jorratzea, emakumea naizen heinean kaltetua sentitzen bainaiz.

"Melillan gauzak beste modu batean ikusten dira eta batzuetan sutan jartzen naiz ikusten eta entzuten dudanagatik".

Hala ere, itxaropenaren aldeko liburua da nirea; nahiz eta, gehienbat, azaltzen du nola bortizkeria sufritzen duen emakume batek uzten duen bere burua egoera horretan. Jendeak askotan esaten du: “emakume honek zergatik ez du hanka egiten?”

Askoz zailagoa da. Arrazoi psikologikoak ere badaude: autoestimua asko urratzen diete, menpekoak direla sinetsarazten diete... eta horrek azaltzen du zergatik ez duten salatzen, zergatik jarraitzen duten horrela...

Itxaropenaren aldeko aldarria da; bizitza alda daiteke.

Fantasia kutsua dauka orduan liburuak, baina errealista da?

Bai, berez, ez da fantasia. Bere senarrak sekulako jipoia eman ostean ospitalean dago protagonista, ez du denboran atzera egin. Guztiz errealista da.

Melillan, Amurrion edo nonbaiten girotu duzu eleberria?

Ez dut zehaztu. Hala ere, hemengo jendeak irakurri duenean protagonista unibertsitatean dagoela eta hondartzan dagoela, guztiek esan dute hori Donostia dela.

Pertsonaiaren herria ere, iparraldekoa da. Azken finean, nik ezagutzen dudanari buruz idazten dut. Ez dira herrien izenak aipatzen baina iparraldeko herriak dira.

Liburu berria egiteari ekin diozu?

Bai, nik ezin dut idatzi gabe egon. Egia da promozioak lan asko behar duela, baina nik idazten jarraitzen dut.

"Azken boladan apur bat utzi dut, haurdunaldiaren azkenengo hilabeteetan nago eta ez dut berdin idazten. Nire senarrak ere sumatu du. Kontzentrazioa falta zait".

Dena den, dagoeneko 100 orrialde baino gehiago izkiriatu ditut. Fugit argitaletxeak nire liburuak argitaratzeko asmoa dauka.

Zaletasuna lana bilakatu nahi duzu?

Hori idazle guztion ametsa da. Haatik, idazle ospetsuek ere esaten dute ezinezkoa dela irautea liburuei esker soilik.

Ez dakit egia den edo gainerakook idatz ez dezagun esaten duten (barreak).

Artikuluak eta kritikak egin edo ikastaroak eman behar ditu idazleak.

"Autore askok bere lana daukate literaturatik at; Maria Dueñas edo Dolores Redondo izan ezean, asko saldu baitute".

Oro har, oso zaila. Nik ikusi arte ezin dut gauza bat edo kontrakoa esan. Agian bitartekoen kontua ere bada, nik gutxi behar dut bizitzeko.

Hurrengo liburuak harremana izango du oraingoarekin?

Antzeko gauzak dituzte: protagonista emakumea da eta lehenengo pertsonan kontatuta dago. Horrela idazten dut, nik badakit nola pentsatzen duten emakumezkoek, aldiz, ez dakit nola pentsatzen duten gizonezkoek, nola erantzuten duten jakin arren.

Zentzu berean, lehenengo pertsona erabiltzen dut kutsu intimoagoa lortzeko eta hausnarketak eta kritika soziala txertatzeko.

Liburu batetik bestera jausi egitean saiatzen zara edo oso antzekoak izatea edo guztiz kontrakoa; antzekotasunik ez izatea. Nik bigarren aukera hori nahiago dut. Protagonistek ez dute zertan antzekoak izan. Gaia ere ezberdina da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide