LUISA IBARROLA (2000, Saratxo) Espainiako Ziklokros txapelduna da. Denboraldi bikaina egin du eta horren inguruan mintzatu da gurekin.
Lehenik eta behin zorionak. Zer suposatzen du zuretzat Espainiako Txapelduna izatea?Pozik?
Eskerrik asko! Oso pozgarria izan da Espainiako Txapelketa irabaztea. Gogorra izan da, baina poztasun handia sentitzen dut. Orokorrean oso pozik nago!
Gogorra izan da bertara heltzeko egin behar izan duzun guztia?
Oso gogorra izan da, bai, baina denboraldi honen helburua Espainiako Txapelketan ahalik eta posturik onena lortzea zen.
Apurka-apurka hobetzen joan naiz eta Espainiakora ondo prestatuta joan naizela uste dut. Gogorra izan da, baina halakoetan ahaleginak pena merezi du.
Zelako esperientzia izan zen Torrelavegan aritzea?
Oso esperientzi polita izan da, bai txapelketan parte hartzea zein bertara joatea. Lasterketa gaizki hasi nuen eta lehenengo itzulian nahiko atzean joan nintzen, baina bigarren biraraino postuak aurreratzen joan nintzen, lehenengo postua lortu arte .
Denboraldi osoan Saioa Gil izan da zure etsairik handiena, ezta?
Bai, biak egon gara hortxe, lehenengo postuak lehiatzen. Lasterketa batzuk berak irabazi ditu eta beste batzuk nik.
Oso harreman ona dugu eta gainera biok Euskadiko Selekzioaren parte gara.
Noiz igoko zara kategoriaz?
Irailean Mountain Bike amaitzen denean eta ziklokrosa hastean gazte mailara pasako naiz.
Kategoria horretan zelan uste duzu aritu zaitezkeela?
Nire ustez nahiko aurrean egon nintzateke eta postu onak lortu, baina argi dago hori hurrengo urtean ikusiko dudala eta lehiatzen hasi arte ez dudala jakingo.
Ziklokrosarekin aurten bukatu duzu. Eta orain zer?
Ziklokrosarekin amaitzen dudanean hilabeteko atsedena hartuko dut, merezi dut eta. Ondoren Mountain Bikean entrenatzen hasiko naiz.
Hurrengo urteari begira, badaukazu zerbait pentsatuta? Zer gustatuko litzaizuke?
Oraindik ez dakit, baina urte honetan aritu naizen modu berean aritu nahiko nuke datorren urtean ere, beraz entrenatu eta entrenatu behar dut.