Euskal kostaldeko emakumeek mendeetan zehar egin duten lan isilari aitorpena ematea. Horra hor Itsasoaren emazteak ikuskizunaren helburua.
Oinkari dantza taldearen koreografiek lagunduta, arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen dituzte Hika Teatroa konpainiako aktoreek. Hirurogei dantzari, lau musikari eta bi aktore biltzen dira taula gainean, istorio bizi eta hunkigarriak partekatzeko.
Protagonisten hitzetan, “emakume haien begietatik dantzatu nahi dugu, euren ahotatik kantatu, edota euren esku minberatuen azal gaziez hitz egin”.
Ikuskizuna 2013an estrenatu zuten, Tolosan, eta bi urte daramatzate Euskal Herriko antzokiak betetzen. Oraingoan, bada, Amurrioko Antzokira etorriko dira. Hitzordua hurrengo igandean da, abenduaren 13an, 20:00etan. Sarrera arruntek 10 euro balio dute, eta bazkideek, berriz, 8 eurotan eskuratu ahal izango dituzte.