"Eskualdeko korrikalari onak hemengo klub batean aritu ahal izateko sortu dugu Aiaramendi taldea"

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2015ko aza. 29a, 14:07

MARIAM ZAPIKO (1981, Amurrio) Aiaramendi Korrikalariak talde berriko kidea da. Urteak daramatza trailean lehiatzen eta hainbat txapelketa garrantzitsu irabazi ditu. Berak talde berri horren nondik norako guztiak kontatu dizkigu.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Oraingoz 8 gaude, baina ziurrenik gehiago izango gara.

MARIAM ZAPIKO (1981, Amurrio) Aiaramendi Korrikalariak talde berriko kidea da. Urteak daramatza trailean lehiatzen eta hainbat txapelketa garrantzitsu irabazi ditu. Berak talde berri horren nondik norako guztiak kontatu dizkigu.

Nortzuk osatzen duzue taldea?

Oraingoz 8 gaude, baina ziurrenik gehiago izango gara.

Ni Amurrio Traileko taldekidea naiz, Axier Albizua, Pedro Urkijo eta Jon Lonzanorekin batera. Iñaki Isasi, Javi Olabarria, Arkaitz Ereño eta Iñigo Carbalho ere taldearen parte dira.

Nola sortu zen Aiaramendi Korrikalariak?

Hasieran hiru enpresa pribatuk erabaki zuten taldea sortzea, nahiz eta gaur egun enpresa gehiagok parte hartu nahi duten. Eskualdeko enpresak dira eta kirolekin zerikusia duena bakarra dago.

Zein da taldearen helburua?

Nik uste helburu ezberdinak ditugula.

Batetik, eta agian garrantzitsuena, korrikalarientzako dirua lortzea da. Eskualdean dauden trail taldeak ez dute dirurik, hau da, kirolari bakoitzak behar duen guztia ordaindu behar du (ekipamendua, lasterketen parte hartzea, federatzea...).

Horregatik, enpresa pribatuek sortu dute taldea, haiek izango baitira dirua jarriko dutenak eta horri esker, korrikalari onenei zerbait eskaini ahal izango zaie.

Horrela ez baldin bada egiten, azkenean, onenak beti kanpoko klub batera joaten dira, haiek baitira kirolariei gauzak eskaintzen dizkietenak.

Azken finean talde hau eskualdeko korrikalari onak hemengo klub batean aritu ahal izateko sortu da eta kanpoko klub batera ez joateko.

Bestetik, helburua da gazteentzako erreferentzia izango den talde bat sortzea. Hau da, haiek ikus dezaten nagusiok ere primeran egiten dugula eta nahiz eta adina gorantz joan, kirola berdin praktikatu daitekeela.

Klubaren bitartez modu profesionalago batean arituko gara, ez zale modu eta azken finean talde bakoitzeko onenek osatzen dugun kluba da.

Zein da taldeko filosofia?

Eskualdeko korrikalariek soilik osatuko dute taldea, ez da kanpoko jenderik onartuko.

Eskualde honetan korrikalari oso onak daude eta ekonomikoki ondo dagoen talde bat egotea beharrezkoa da, kirolari horiek eskualdean gera daitezen.

Gainera, taldean ez daukagu inolako inposaketarik. Hau da, kirolari bakoitzak nahi dituen lasterketetan parte har dezake. Baldintza bakar bat dugu, eskualdeko frogetan parte hartzea.

Oraingoz taldea zarete ezta? Ez kluba.

Bai, aurten dena oso azkar joan da eta kirolari bakoitza bere herrian dago federatuta, baina hurrengo urtean denak toki berean federatuko gara eta klub izaera hartuko luke taldeak.

Orduan hasiko ginateke klub bezala lehiatzen. Izan ere, gaur, nahiz eta Aiaramendi Korrikalariak taldeko kidea izan, nik lortzen ditudan puntuak, adibidez, Amurrio Trailarentzat doaz.

Taldeko partaideak nork erabakitzen ditu?

Denek hartzen dugu erabakia, korrikalariok eta enpresek. Dena den, eskualdea ez da oso handia eta denok ezagutzen dugu elkar.

Zer sentitzen duzu mota honetako eskualdeko talde baten parte izanik?

Oso gustura nago, etxean nago. Ezer ez izatetik, dena izatera alde handia dago. Nik lehen banituen babesleak, baina talde handi baten parte izatetik horrelako talde baten parte izatera alde handia dago.

Gauzak askoz gehiago baloratzen ditudala uste dut, gertuko jendea daukat taldekide bezala eta nik uste gogo gehiagorekin entrenatzen eta lehiatzen naizela.

Zenbat denbora daramazu korrika egiten?

Txikitatik daramat korrika egiten. Hasieran atletismoa egiten nuen, kros eta pista apur bat, mundu guztiak bezala. 12 urte nituela hasi nintzen lehiatzen eta trailean, aldiz, duela 10 urte. 2010. urtetik aurrera serio hartu nuen.

Asko joaten kanpora lehiatzera?

Bai, askotan. Gainera ni berez Asturiasekoa naiz, nahiz eta Amurrion urte asko daramatzat. Baina bai, Asturiaseko Kopan, Espainiakoan, Portugalen... Azkenean horrelakoetan parte hartzen duzunean derrigorrezkoa da alde batetik bestera ibiltzea.

Hemen geratzen baldin bazara lasterketa guztiak irabaztera  joaten zara, baina kanpora ateraz gero publizitate gehiago lortzeko aukera daukazu (zuretzat edo taldearentzat), maila ezberdinak ezagutzen dituzu... ez dakit, ezberdina da.

Nik uste traileko mundua hori dela, alde batetik bestera ibiltzea eta apur bat zeure burua saltzea.

Bidaia horietan guztietan zein postu lortu zenituen?

Asturias eta Galiziako Kopak irabazi nituen, Espainiakoan, aldiz, 6. postua lortu nuen, Portugalen ere irabazi nuen, Lanetoko Ultra Trailean 2.postua lortu dut behin baino gehiagotan eta aurten irabaztea lortu dut... Urte hauetan guztietan hainbat garaipen lortu dut.

Emakumezkoen presentzia trailaren munduan nolakoa da?

Zoritxarrez eskasa da emakumezkoen parte hartzea, nahiz eta egia den gero eta gehiago animatzen diren.

Emakume gutxi gaude trailaren munduan, oso kirol gogorra da eta asko sakrifikatzeko beharra dago.

Entrenamenduetan, berdin da zein eguraldi egiten duen, ezin duzu hutsik egin. Lehiatzerako orduan ere mugitu beharra dago, teknika asko izan behar duzu (igotzen eta jaisten ikasi), umeak baldin badituzu ere... konplikatuagoa da.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide