Amurrioko etxebizitza ugarik dauzkate sinbologia frankista dituzten plakak. Baina aste honetan, udalak plaka horiek kentzeari ekingo dio.
Josune Irabien Amurrioko alkateak adierazi du komunitate askok bidali dietela plaka horiek kentzeko eskaera. Alkateak gogorarazi du, oraindik, plakak kendu nahi dituzten horiek, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa bidali dezaketela.
Hainbat ikur kendu dituzte eskualdean
Aiaraldean bi herri gehiagok egitasmo horri ekin diote. Urduñako udalak herritarrekin antolatutako ekimen batean hasi zen kentzen ikur frankistak eta Laudioko udalaren kasuan, udal langileek gauzatu zuten.
Sinbologia frankista kentzearen hasiera
Eusko Jaurlaritzak 2012. urtean katalogo bat sortu zuen; Gerra Zibilari eta Diktadurari gorazarre egiten dioten Euskadiko sinbolo eta monumentu publikoen katalogoa, hain zuzen ere.
Horrek “Euskadiko sinbolo frankistak kentzeko komisio Teknikoa” sortzea ekarri zuen. Batzordeak instituzio publikoentzako txosten bat sortu zuen. Txosten horrek, sinbologiak kentzeko aholku sistematizatuak eman ditu.