Uztailean aurkeztu zuen Amurrioko Udalak Frontoi kalea urbanizatzeko ekimena. Urrian iradokizunak aurkezteko epea zabaldu zuen eta aintzat hartu beharreko proposamen batzuk heldu direla jakinarazi du.
Batetik, Frontoi kalearen amaieran dagoen zebrabidea altxatzea proposatu dute. Horri esker, errazagoa izango litzateke oinezkoak bertatik igarotzea, batez ere, mugikortasun urriko pertsonak edo ume karroekin edo erosketetarako orgekin doazenak.
Bestetik, plaza azpian zeuden komun publikoak berriro herritarren erabilerarako uztea eskatu dute. Dena den, Udaleko zerbitzu teknikoek adierazi dutenez altuera kontuak eta irisgarritasunaren inguruko araudia direla eta, teknikoki ez da bideragarria komunak berreskuratzea.
Frontoi kaleko espaloiak igotzea ere proposatu da, kale horretako saltoki eta lokaletara heltzea erosoagoa eta errazagoa izan dadin. Udalak “erosotasuna” lortzeko ahalegina egingo dela baieztatu du, baina proposamen hori gauzatu ahal izateko teknikoki zailtasun handiak daude. Izan ere, saltoki horiek maila oso ezberdinetan daude.
Parte hartzeko lehenengo fasea amaituta, datozen hilabeteetan bigarren fasea abiaraztea aurreikusi du udalak. Egitasmoa behin betiko idatzi aurretik arreta berezia eskainiko zaie gune horretako bizilagunei eta Frontoi kaleko saltokiei.