"Gizon beltz bat edo emakume bat ikusiko dugu James Bond gisa? Zergatik ez?"

Erredakzioa 2015ko aza. 11a, 09:58

LANDER ARTEAGA EGILUZ (Urduña, 1978) komunikazioan aditua da. Irratian, telebistan eta zineman lanean aritu da eta orain James Bond pertsonaiaren inguruko liburu batean idatzi du.

James Bond-en inguruko liburu batean parte hartu duzu, zein izan da zure lana?

LANDER ARTEAGA EGILUZ (Urduña, 1978) komunikazioan aditua da. Irratian, telebistan eta zineman lanean aritu da eta orain James Bond pertsonaiaren inguruko liburu batean idatzi du.

James Bond-en inguruko liburu batean parte hartu duzu, zein izan da zure lana?

Bai, hala da. Pasa den ostiralean, azaroaren 6an, “007 James Bond: De espía a icono” liburua argitaratu zen, Doc Pastor idazlea delarik.

"Nik liburu horretan parte hartu dut atal bat idatziz; James Bond-en filmetan aurkitu ditzakegun gadget-ak edo tramankulu bitxienen inguruko atala".

Nire lana, zehazki, ia lau hilabetez luzatu egin zen; filmak ikusiz eta internet-en eta liburu ezberdinetan informazioa batuz, gero bildutako dena idazteko, noski.

Dibertigarria bezain luzea izan zen.

Nola murgildu zara proiektu horretan?

Liburu hau Doc Pastor idazlearen proiektu pertsonal bat da. Aurrez beste bi liburu argitaratu ditu: "Los sesenta no pasan de moda", Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan 60ko hamarkadan estreinatu ziren telesailen inguruan ("Doctor Who", "The Avengers", "The Prisioner", "Batman"...), eta Doctor Who telesail famatuaren inguruko beste liburu bat, "Doctor Who El loco de la cabina".

"Nik aurrez ezagutzen nuen Doc Pastor, bai Star Wars, Sci-Fi, Zinema zein Komikien inguruko ekintza eta elkarte berdinetan ibili garelako."

Bere bi lehenengo liburuetan laguntza txikiak eskaini ondoren, honetan idazle lanetan ere laguntzeko eskatu zidan. Zinema maite dudanez, nola uko egin horrelako aukera bati?

Bikain pasa dut lan hau egiten, eta espero dut irakurleek berdin pasatzea liburua esku artean dutenean.

Hasiberrientzako liburua da edo adituentzat pentsatutako liburua da?

Dolmen Editorialek -lana editatu duen argitaletxearen arabera- uste du “007 James Bond: De espía a icono” espioi britainiarraren inguruko behin-betiko liburua dela.

Ez dakit gehiegikeria bat den ala ez, baina argi daukat liburu hau James Bond-en inguruko liburu borobila dela.

Bai hasiberriek zein adituek ere gogoz irakurriko duten liburua. Hasiberriek, bai pertsonaiaren, zein mitoaren, pelikulen eta antzezle ezberdinen inguruko ezinbesteko informazioa jasoko dute".

Eta era berean, adituek ikonoaren inguruko oso ezagunak ez diren xehetasun eta datu bitxi asko aurkituko dituzte.

Erraz eta gogotsu irakurtzen diren ia 300 orrialde dira, liburuaren edukia eta itxura maitasun osoz egin baita.

Liburuak “Spectre” filmaren estreinaldiarekin bat egin du. Ikusi duzu? Zer iruditu zaizu?

Bai, ikusita daukat eta asko gozatu nuen zineman. Estreinaldiaren aurreko astean, Madrilen, ikusteko aukera izan nuen eta ez ninduen huts egin.

%100ean James Bond-en filma da. Gainera, Daniel Craig-ek “Casino Royale” filmarekin hasitako istorioaren bukaera bikain eta borobila da.

Agian, ez da “Skyfall” bezain berezia (agian, Bond sagaren filmarik onena), baina zinema aretotik ateratzean ez zarete damutuko bertan gozatutako bi orduei esker.

Filma hau, Daniel Craig-en James Bond-en amaiera dela uste dut, hala dirudi filma amaitzean. “Casino Royale”-n, “Quantum of Solace”-n eta “Skyfall”-en ikusitako dena zentzua hartu duelarik.

Gainera, filmean SPECTRE erakundea dugu aurkari eta hori Bond munduan oso potoloa da; aurkari mitiko bat, alegia.

Hainbat aurkezpen antolatu dituzue. Zuk parte hartuko duzu? Non eros daiteke?

Liburua erosteko, irakurleek ohiko liburu-denda nagusietara joatea besterik ez dute: bai El Corte Ingles, Fnac edo Amazon-en aurkitu daiteke.

Komiki-denda nagusienetan era eskuragai egongo da, baina suposatzen dut pixkanaka-pixkanaka zabalduz joango dela.

Eta nola ez, Dolmen Editorial argitaletxearen webgunean ere eros daiteke.

Bestalde, momentuz aurkezpenak Bartzelonan, Madrilen, Zaragozan eta Santanderren izango dira.

"Irakurle gehienek ezagutzen ez badakite ere, aurkezpen hauek gehienetan idazleak berak antolatzen ditu; argitaletxeek oso ezagunak ez diren idazleekin promozio gutxi egiten dutelako".

Eta horrek aurkezpenak egitea zail bihurtzen du.

Kasu honetan, Doc Pastorren aurreko liburuek aurkezpen birak izan dituzte, hiri askotan aurkeztu direlarik.

Lau hiri hauek lehenengoak dira, baina ez daukat zalantzarik hurrengo hilabetetan liburua beste hiri batzuetan ere aurkeztuko dela.

Niri behintzat Euskal Herrian aurkezpen bat egitea gustatuko litzaidake, eta horretan lan egingo dut Doc Pastor-rekin.

James Bond bereziki gogoko duzu edo kasualitatea izan da?

Ni zinemazale amorratua naiz. Txikitan, “Star Wars” edo “Indiana Jones” bezalako pelikulekin maitemindu eta pixkanaka-pixkanaka zinema munduaren arlo guztiak ezagutzen joan nintzen.

Eta edozein zinemazale amorratuarentzat, James Bond unibertso horren pertsonaia garrantzitsua da.

"Filma gehienak ikusiak nituen eta gogoko nituen, baina, dudarik gabe, Daniel Craig-en “Casino Royale” estreinatu zenetik, Bond-ekiko nuen "maitasuna" asko handitu zen".

Hortaz, kasualitatea? Agian, nolabait bai, baina ez guztiz. Doc Pastorek bazekien pertsonaia honi nion gogoa eta horregatik eskaini zidan lana.

Gainera, gogoko ez baduzu halako ikono bati buruz idaztea oso zaila da, baina nik zorionez ez dut arazo hori izan.

James Bond hainbat antzezle izan dira, zein izango da hurrengoa, gizon beltza, emakumea...? Edo ortodoxia mantendu behar da?

007 James Bond: De espía a icono liburuak azaldu nahi duen moduan, Bond ez da pertsonaia xume bat, jadanik ikono bat da; eta horrek esan nahi du, bere aurpegia zein den garrantzitsua izanik, ez dela arazo larriena.

James Bond oso ezberdinak izan dira 50 urte hauetan (Sean Connery, Roger Moore, Timothy Dalton, Pierce Brosnan edota Daniel Craig-enak ez dira berdinak izan), baina mitoaren oinarri edo mamia beti antzekoa mantendu da.

"Gaur egun, Bond nork baino, nolako den da garrantzitsuagoa. Ondorioz, gizon beltz bat edo emakume bat ikusiko dugu Bond gisa? Zergatik ez?"

Ez da erraza izango, baina ez nuke guztiz baztertuko. Agian, pertsonaiaren izaera medio emakume bat zailtasun handiagoak izango lituzke, baina gizon beltz bat... nork daki! Azken urteetan Idris Elba antzezlearen izena entzun da, baina halako aldaketa bat aurreratzea ez da batere erraza.

Momentu hori heldu arte, James Bond-en pelikulekin gozatu eta espioi britainiarraren inguruko xehetasun guztiak ezagutu itzazue “007 James Bond: De espía a icono” liburuarekin.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide