Jesus de Galindez (1915): Gerra hotzaren lainopean desagertutako amurrioarra

Txabi Alvarado Bañares 2015ko urr. 24a, 14:23

1915eko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, jaio zen Jesus de Galindez amurrioarra. Jaiotza-data ironikoa gaztetatik EAJri loturiko idazle, intelektual eta ustezko espioia izango zenarentzat. 

Pasa den urriaren 12an 100 urte bete ziren Jesus de Galindez jaio zela. Idazle, politikari eta ustezko espioia izan zen, baina horren guztiaren gainetik gauza batek bilakatu zuen ospetsu: bere desagerpen misteriotsuak.

1915eko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, jaio zen Jesus de Galindez amurrioarra. Jaiotza-data ironikoa gaztetatik EAJri loturiko idazle, intelektual eta ustezko espioia izango zenarentzat. 

Pasa den urriaren 12an 100 urte bete ziren Jesus de Galindez jaio zela. Idazle, politikari eta ustezko espioia izan zen, baina horren guztiaren gainetik gauza batek bilakatu zuen ospetsu: bere desagerpen misteriotsuak.

Errepublika Dominikarrean deserriratua zegoela hasi zen FBIarentzat lanean, erakunde horren arabera

Amurrio eta Madril artean jaio zen Galindez. Bera oso gaztea zela hil zitzaion ama, eta jesuiten eskola batean egin zituen ikasketak. Hala ere, uda partean Amurriora joaten zen oporretan, bere familiak herrian zuen etxera. “Ez dago Galindezek Amurriorekin zeukan harremanaren inguruko informazio askorik”, azaldu du Aztarna etnografia elkarteko kidea den Ramon Zurimendik. Datu gutxi daude herrian igarotzen zituen oporraldien inguruan, baina Batzokian eskaintzen ziren euskara eta txistu klaseetara joaten zen Aztarnako kidearen arabera (egunkari honen portadan agertzen den argazkia da Galindez amurrion zegoela ateratako gutxietako bat).

Gerra Zibila eta deserria
17 urterekin afiliatu zen Galindez EAJra, eta alderdi jeltzalearen gaztedietan militatu zuen unibertsitatean, Zuzenbide Politikoa ikasten zegoela. Handik hiru urte eskasera hasi zen Gerra Zibila. Justizia Ministroa zen Manuel de Irujoren laguntzaile bilakatu zen orduan, eta bi bandoetako atxilotuen trukatzetan lan egin zuen.

Amurrioko Batzokian txistu eta euskara klaseak jaso zituen

Bando errepublikanoak porrot egin zuenean, Frantziara egin zuen ihes, baina ez bertan geratzeko. 1939an Errepublika Dominikarrera joan zen. Bertako Eskola Diplomatikoan aritu zen irakasle, eta Kanpo Gaietarako Ministerioan ere lan egin zuen. Herrialde horretan Leonidas Trujillo zegoen boterean, eta diktadore horren semeetako baten irakasle izatera iritsi zen Galindez: Ramfis Trujillorena. Hainbat ikerlariren arabera, Ramfisek zeresan handia izan zuen, handik urte batzuetara, Galindezen desagerpenean.

Rojas agentea
1946. urtean greban zeuden azukre ekoizleekin akordio batera iritsi egin zen, Gutxiengo Soldaten Batzordeko idazkari lanetan zebilela.
Handik gutxira, Trujilloren gobernuarekin zituen desadostasunak medio, Estatu Batuetara joan zen. New Yorken bizi izan zituen Galindezek bere azken urteak, bere bizitzako urte lauso eta misteriotsuenak. Bizitza publiko nabaria egiten zuen garai horretan. Columbiako Unibertsitatean klaseak ematen hasi zen, eta hiriko bizitza sozialean ere asko inplikatu zen, Idazle eta poeta iberoamerikarren zirkuluan batik bat. Idazle moduan ere urte horiek izan ziren Galindezen oparoenak. Eusko Jaurlaritzaren deserriko gobernuen ere parte hartzen jarraitu zuen, Agirre lehendakariarekin batera. Baina amurriarrak bazuen beste alderdi ezezagunago bat: Estatu Batuekin harremanetan zegoen espioiarena.

Gerra Zibilean presoen trukatzean egin zuen lan

Informazio eta teoria asko daude Galindezek zerbitzu sekretuekin izandako harremanaren inguruan. Errepublika Dominikarrean hasi omen zen harreman hori, FBIak gaiaren inguruan desklasifikatutako dokumentuen arabera. Bertan zeuden nazien eta Espainiako komunisten inguruan informatzea zen bere eginkizuna.

Honako mezu hau bidali zion Arthur P. Dugan agenteak garai hartan FBIko buruzagia zen John Edgar Hooverri: “Galindezek zintzotasunez esan digu nahiago duela nazien inguruko informazioa eman Espainiako komunisten inguruko ekintzen berri ematea baino, hala ere komunisten inguruko informazio baliotsua eman ahal izan digu beti”. DR-10 kodea egokitu zitzaion amurrioarrari. “Rojas agentea” izendatua izatera pasa zen gero.

Hildakoan, Amurrion lurperatua izan nahi zuen, baina inoiz ez zuten bere gorpua aurkitu

Bere gorpua, Aiaraldera
Espioi moduan egin zuen lana bezain misteriotsua da bere desagerpena. 1956Ko martxoaren 12an izan zen ikusia azkenekoz, metro geltoki batean. Honakoa idatzi zuen bere testamentuan: “Nire hilotza Amurriora eramatea eskatu nahi dut, bertan lurperatua izateko, nire aitak Larrabeoben duen lursailean”. Baina bere gorpua ez zen inoiz agertu.

 

 

The Galindez Case, oraindik erabat argitu gabeko kasua

Hipotesi asko plazaratu dira Galindezen desagertzearen inguruan, baina honakoa da hedatuena: Trujillo diktadorearen enkarguz bahitu eta Dominikar Errepublikara eraman zutela, bertan torturatu eta erailtzeko.

Urriaren 12an jaio zen Galindez. Noiz hil zen, berriz, ezin daiteke zehaztu. 1956ko martxoaren 12an desagertu zen. New Yorkeko metro geltoki batean ikusi zuten azkenekoz.

Handik zazpi urtera ofizialki hiltzat eman zuten. Hipotesi asko planteatu dira amurrioarraren desagertzearen inguruan.

Baina modu zabal batean onartua dagoena zera da: Trujillo diktadoreak agindu zuela Galindez bahitzea, Dominikar Errepublikara eramatea eta bertan sekretuan exekutatzea.

Zergatik? Trujilloren gobernuaren salaketa argia egin zuelako Estatu Batuetan zegoela, eta diktadoreari buruzko tesi bat idatzi zuelako. Tesi horretan aipatzen zen, beste gauza askoren artean, Trujilloren semea, Ramfis, ez zela diktadorearen seme biologikoa.

Iturri batzuen arabera, Trujillok 100.000 dolar eskaini zizkion Galindezi liburuaren truke, baina amurrioarrak ezezkoa eman omen zion. Columbiako Unibertsitateak otsailaren 27an onartu zuen tesia, Galindez desagertu baino aste pare bat lehenago.

Oraindik ez dago guztiz argi Estatu Batuetako eta Espainiako zerbitzu sekretuek amurrioarraren desagertzean izan zuten erantzukizuna

Zerbitzu sekretuen inplikazioa
Beste alde batzuek desagertzean izandako inplikazioa da horren argi ez dagoena. Kasua sakonki ikertu duen Stuart McKeever abokatuaren arabera, Trujillok FBIko eta CIAko agente ohi bat kontratatu zuen bahiketa planifikatzeko.

Ikerlari batzuek defendatzen dute Estatu Batuetako zerbitzu sekretuek interesa izan zezaketela Galindezen desagertzean, Estatu Batuek nazien aurka borrokatzetik komunismoaren aurka zeuden diktadoreen lagun izatera emandako biraren “lekuko deseroso” bilakatu zelako. Frankoren gobernuak ere desagertzean interesa eduki zezakeela argi dago, Galindez beti azaldu baitzen gobernu horren eta Estatu Batuen adiskidetzearen aurka. Kasualitatea izan edo ez, Galindez desagertu eta biharamunean jarri zen Espainiako bandera Nazio Batuen Erakundearen egoitzan.

Hori bai, Galindezen desagertzea garesti atera zitzaion Trujillori. Desagertzearen lekuko izan ziren pertsonak erailtzen ahalegindu zen diktadorea, baina ezin izan zuen ekidin Estatu Batuetako iritzi publikoak berarekiko zuen pertzepzioa okertzea. Handik bost urtera erail zuten, segada batean.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide