Asteburu honetan hasi dira Amurrion mikoturismo egunak. Sei egunetan zehar perretxikoekin zerikusia duten hainbat ekintzaz gozatzeko aukera egongo da. Urriaren 17,18,24,25,31 eta azaroaren 1 izan dira aukeratutako egunak.
Aipatutako egun guztietan zehar alde batetik, taberna batzuek perretxikoekin egindako pintxoen lehiaketan parte hartuko dute. Hauek dira tabernak: Atxubi, El Crucero, El Rinconcito, La Reunión, La Terraza, Madik, San Antón eta Taberna Fronton. Pintxorik onena aukeratzeko botoa eman nahi duten herritarrek gutxienez 6 pintxo dastatu beharko dituzte. Bozkatzen dutenek, gainera zozketa batean sartuko dira.
Menu gastronomikoak
Bestalde sasoiko perretxikoekin egindako menu gastronomikoak izango dituzte honako jatetxe hauetan: Abiaga (27 € BEZa barne, ardorik ez), Arenalde Maitea (25 € + BEZa), Bideko (40 € + BEZa, ardo ondua barne), Los Arcos de Quejana (45 € BEZa barne).
Gastronomia tailerra
Horrez gain, urriaren 28an 19:00etan El Refor Jatetxean gastronomia-tailerra egingo da, Jesús Barreñaren eskutik. Hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da eta 35 leku egongo dira. Turismo Bulegoan eskura daitekeen gonbidapena izatea beharrezkoa izango da tailerrean parte hartu ahal izateko.
Mikologiari buruzko hitzaldia
Urriaren 30ean Alberto Villanuevak eskianiko duen “Hydnaceas y Cantharellaceas” izeneko mikologia-hitzaldia egongo da. 20:00etan izango da Kultur Etxean.
Perretxikoak sailkatzea
Urriaren 31n Arriola Elkarte Mikologikoaren eta Alberto Villanueva mikologoaren eskutik 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara, perretxikoak sailkatuko dira udal-pilotalekuan,
Amaiera eguna
Mikoturismo Egunak ekimenaren amaierak bat egingo du Mendiko Lagunak elkarteak urtero antolatzen duen “Garobel” ibilaldiarekin.
10:00etatik 14:00etara: artisautza produktuen azoka eta salmenta (Larrinaga kalea).
11:00etatik 14:00etara: perretxikoen erakusketa udal-pilotalekuan, Arriola Elkarte Mikologikoaren eskutik.
13:00etan: epaimahaiak saria emango dio Perretxikoekin egindako Pintxoen X. Lehiaketa irabazi duen tabernari.