PABLO MAS (Amurrio, 1985), Oinkariak Atletismo taldeko kidea eta prestatzaile fisikoa da. Ostiralean Urduñan neguan entrenatzearen inguruko hitzaldi bat emango du.
Zu berez, korrikalaria zara. Zer dela eta emango duzu txirrindularitzaren inguruko hitzaldi bat?
IVEF ikasi nuen eta prestatzaile fisikoa naiz. Horrez gain,4 urte daramatzat txirrindularitza amateur talde batean lanean, Seguros Bilbao taldean.
Oso kirol ezberdinak direla badakigu, baina, badaukate antz txikiren bat?
Biak erresistentzia kirolak dira eta gaur egun jende gehienak biak nahasten ditu eta biak praktikatzen ditu. Horregatik hitzaldi edo tailerrean bi kirolen inguruan mintzatuko naiz.
Pertsona askok negua heltzen denean adibidez, eguraldia dela eta, bizikleta albo batean utzi eta korrika egiteari ekiten diote.
Entrenamenduei dagokionez, argi dago korrikak denbora gutxiago behar duela bizikleta baino, baina aipatutakoa biak erresistentziako eta iraupen luzeko kirolak dira.
Zer motatako hitzaldia izango da gaurkoa?
Berez hitzaldia bat izango da. Baina normalean galdera eta adibide praktikoak ere sartzen ditut. Azken finean, kirolari bakoitzak dituen zalantza guztiei erantzuna emango diet.
Neguan txirrindularitzan entrenatzeko aholkuak emango dituzu?
Bai. Alde batetik neguko klimaren eta udaren arteko ezberdintasunak azalduko ditut. Bestalde, bizikletarekin neguan ibiltzean zer nolako janzkera eraman behar dugun ondo aritu ahal izateko.
Osasunari begira ere, ez gaixotzeko aholkuen inguruan mintzatuko naiz eta azkenik, entrenatzeko beste alternatiba batzuk emango ditut.
Hala nola, etxean arrabolarekin entrenatzea eta horretarako beharrezkoa dena. Horrez gain, korrikalari berrientzako aholkuak ere emango ditut eta baita gimnasia ariketak erakutsi ere.
Zer ezberdintasun dago neguan entrenatzearen edo udan egitearen artean?
Eguraldia da ezberdintasunik nabarmenena. Neguan mendateren batera bazoaz, adibidez Urduñako Barrerillara, goian tenperatura askoz ere baxuago da eta orduan arropa gehiago eta termikoa eramaten duzu. Igotzerako orduan, intentsitatea handitzen da eta normalean izerditan hasten gara, goian izerditan zaude eta hotz handiagoa egiten du eta jaisten zarenean abiadura azkartzen duzu eta hotza leku guztietatik sartzen zaizu. Beraz gaixotzeko arriskua handiagoa da.
Horregatik gu normalean mendien beheko aldetik geratzen gara eta horrek esan nahi du guztiz normal ez duzula entrenatzen.
Udan, nahiz eta euria egin ez du hotzik egiten, nik nahiago dut.
Zer hartu behar dugu kontuan eguraldi txarra egitean eta entrenatzera goazenean?
Arropa ona eduki behar da. Adibidez botinak, hotzerako zein eurirako izan behar dira. Haizetik babestuko gaituen jaka, zira, eskularruak, buruan kaskoaren azpitik buff bat jarri edo txanoa. Azken finean arropa asko behar da eta ez lodia, baizik eta, 2 edo 3 kapa baina kalitatezko arropa dena.
Gainera, txirrindularitza modalitateen artean ere, ezberdin eragingo du eguraldiak ezta?
Bai, batzuek neguan mendiko bizikleta hartzen dute eta horrekin entrenamenduak ezberdinak dira (abiadura motelagoa, denbora gutxiago...)
Zer esango zenioke txirrindularitza gustuko duen pertsona bati baina gogor entrenatzera eta lehiatzen animatzen ez denari?
Lehiatzera ez nioke animatuko. Bakoitzak badaki bere bizitzaren zein momentutan dagoen eta noiz datorkion ondo gauza bat edo bestea. Lehiaketetan parte hartzea nire ustez ez da garrantzitsuena, jende asko dago korrika egiten duena eta lehiatzen ez dena gainera.
Bakoitzak bere lekua zein denjakin behar du eta nire ustez hori ez da azken helburua edo helburu nagusia.
Hitzaldira berez korrikalari zein txirrindulariak joan daitezke, ezta?
Bai, edonor animatu daiteke tailer praktikora eta bi kirolen inguruan mintzatuko naiz. Hitzaldia arratsaldeko 19:00etan izango da Alhondigan. Animatu!