ISABEL GARCÍA ALVAREZ (Viveiro, 1962) BELEN ELEJADE (Añes, 1959) eta MARTA GARCÍA (Amurrio, 1961) La Manta de la Vida ekimenean parte hartzen ari dira. Egitasmoaren helburua da mantak jostea Siriara bidaltzeko. Amurrioko Karisma dendan -Aiara etorbidea, 4- elkartzen dira eta deialdi irekia egin dute jendeak lagundu dezan. Isabel Garcíak erantzun du elkarrizketa.
Nola bururatu zitzaizun ekimen honetan parte hartzen?
Egia esanda ez zitzaidan niri bururatu. Bezero batek izan zuen horren berri. Whatsapp-en bidez heldu zitzaion jendea elkartzen ari zela Bilbon mantak josteko eta Siriara bidaltzeko.
Nik Bilbora deitu nuen -artile denda batera, alegia- eta esan zidaten Araban ere ekimena abiatu zutela Gasteizen. Berak eman zidan Gasteizko helbidea eta harremanetan jarri nintzen Gasteizko jendearekin facebook bitartez.
"Gasteizko emakume horrek azaldu zidan mantak josten ari zirela, Siriara bidaltzeko -ez errefuxiatuei helarazteko-. Bakoitzak etxean duen artilea -ez da artile berria erosi behar- erabili dezake edo birziklatu -arropa zaharra erabiliz, adibidez-."
Nahi duenak manta osoa egin dezake eta nahiago duenak 50x50 zentimetroko karratuak egin ditzake eta guk elkartuko ditugu.
Gasteizko jendearekin harremana nolakoa izan da?
Ez didate ezer berezirik esan. Ez digute informazio gehiegi eman. Azaldu digute ekimena Madrilen hasi dela.
"Hiru emakumek gudaren arazoa dela eta lagundu nahi zuten eta ez zekiten nola. Beraiek josten dutenez erabaki dute mantak egitea."
Facebooken jarri zuten eta hortik zabaldu zen. Estatu osora hedatu da eta 48 hiritan egiten ari da. Eta herrietan ere, Amurrion bezala.
Nik Gasteizko jendeari aipatu nion hasteko asmoa nuela eta oso ideia ona zela esan zidaten. Ez dugu elkar ezagutzen, egia esanda.
Amurrion taldea osatu duzue.
Bezero batek beste bati esan zion, horrek beste bati aipatu zion eta guztion artean erabaki genuen elkartzea. Oso talde anitza osatu dugu. Mota askotako jendea. Pertsona anonimoak.
Askok kalean entzun dute eta dendara hurbildu dira artile karratu bat uzteko edo galdetzeko. Gero guztiok elkartzen gara eta karratu horiek josten ditugu.
Zenbat pertsona elkartu zarete ekimenaren inguruan?
Ostiralean eta larunbatean 15 pertsona elkartu ginen. Eta beste modu batean laguntzen 20 pertsona edo gehiago daude. Nik dakidanez.
Baina gero bakoitzak lagunen gauzak ere ekarri ditu.
Nork parte har dezake ekimenean?
Egitasmo irekia da, edonork parte har dezake. Arratsaldetan elkartzen gara dendan eta urriaren 9an eta urriaren 10ean -ostirala eta larunbata- arratsaldez hitzordua egingo dugu, 17:00etatik 21:00ak arte.
Denda itxita egongo denez erakusmahaiak kenduko ditugu eta horrela jende gehiago elkartzeko aukera egongo da.
Gizonentzat ere irekia dago ekimena, oraindik batek ere ez du parte hartu eta."
Noizko egin behar dituzue mantak?
Urriaren 15ean Gasteizera eraman behar ditut. Karratu solteak izango balira aurretik egon beharko lirateke baina nik konpromisoa hartu dut josi eta elkartzeko.