Iaz ekimen honek izan zuen arrakasta ikusirik, aurten ere, Tertanga eta inguruko herrietatik hurreratzen den edozeinentzat euskara sustatzeko egitasmoak prestatu ditu Urtxintxa Eskolak.
Tertangako Etxea, garai bateko eskola zaharra, euskararen topaleku bilakatu nahi dute modu horretan, eta ibilbide labur honetan hainbat ekintza eta aisialdi jarduera antolatu dituzte hilerik hile: Pailazoen emanaldia, Yoga ikastaroa, Iluntze mitologikoa, Lurrezko labea eraikitzen ikasteko tailer praktikoa…
Aukera ugari aisialdian balioetan hezteko
Ikasturte berriarekin batera Domekerö! proiektua berrartuko dute datorren astean. Hain zuzen, urriaren 11tik abenduaren 20ra iraungo du udazkeneko denboraldiak. Igandero, 16:30etatik 18:30etara, haur eta familiak elkarrekin euskaraz jolastu, hausnartu eta dibertitzeko hainbat jarduera prestatu ditu Urtxintxa Eskolak. Asteroko ikuskizun, jolas eta tailer hauetan parte hartzea irekia eta doakoa da. Elkarteko kideek deialdia zabaldu dute eskualdeko adin guztietako euskaltzaleak elkartu eta topagune atsegin bat sor dadin bertan.