Iñaki Zorrakin Altube santurtziarraren lana Amurrioko La Casonan ikusgai egongo da urriaren 18 arte. Iñakik, prestakuntzaz biologoa izanik, naturaren ilustrazioan oinarritu zuen bere ibilbide profesionala. Erakusketa honen helburua natura islatzeko zeukan modu berezia jasotzea da.
Botanikaria eta marrazkilaria
1985ean, botanikari-lagun talde batek landaretzari buruzko liburu batean parte hartzea eskatu zion Iñakiri. Gasteizera bizitzera joan zen orduan Arabako Naturaren Institutuan lanean hasteko eta institutu horren lehendakari izan zen 1997tik 1999ra.
Iñakik irudiztatu zuen lehen liburua Zuatza irlaren ikerketa naturalistikoa izan zen. Harrez gero, bere irudi bikainek Euskal Herrian argitaratutako naturari buruzko argitalpen askotan agertu ziren. Iñakik ezin hobe uztartzen zituen marrazkilari eta botanikari lanak eta beti egon zen prest gainera ingurumena zaintzearekin eta gizarte interesarekin lotutako ekimenetan parte hartzeko.
2004an hil zen, Arabako Aretxabaletan bizi zela, bertakoek plaka bat ezarri zuten haren oroimenez, zioten estimua eta herri horretan egindako gizarte-lanagatik esker ona agertzeko.
La Casonako erakusketan Iñakiren milaka irudi daude ikusgai, horietako asko argitaratu gabekoak. Bere lagunek katalogatu zituzten guztiak, Iñaki hil eta gero.
Erakusketa 10:00etatik 14:00etara irekita dago asteartetik ostiralera eta 17:00etatik 19:00etara larunbat eta igandeetan.