Atzo Amurrio eta Okondoko udalbatzetan Askapenaren aldeko mozioak onartu zituzten. Okondon aho batez babestu zuten alderdiek testua -Okondo Aurrera, EAJ eta EH Bildu, alegia- eta Amurrion Orain Amurrio, PSE-EE eta EH Bildu taldeek alde bozkatu zuten. EAJ eta Amurrio Guk Bai abstenitu ziren eta PPk, aldiz, aurka bozkatu zuen.
Amurrion arazo bat egon zen prozedura aldetik. Nahiz eta Askapenako kideek iraila hasieran egin zuten mozioa eztabaidatzeko eskaera, argitu gabeko arrazoi bat dela medio, testua ez zen alkatearen ezta alderdien eskuetara heldu.
Horren ondorioz EH Bilduk txertatu zuen udalbatzan gaia azken momentuan. Hori dela eta Amurrio Guk Bai eta EAJ abstenitu ziren, mozioa sakontasunez lantzeko aukerarik ez zutela izan argudiatuz. PSE-EEko zinegotziak -Irene Novales- gauza bera azaldu zuen, baina testuaren ideia orokorrekin -internazionalismoa, giza eskubideen defentsa...- bat egiten zuenez, babesa eman zion.
Mozioaren edukia
Atzo onartutako testuak Entzutegi Nazionalak Askapena, Askapeña konpartsa eta Elkartruke elkartea legez kanpo uzteko asmoa daukala salatzen du. Aldi berean, Askapenako 5 militantek 6 urteko kartzela zigorrei aurre egin behar dietela gaitzesten du.
Akusazio horien guztien harira absoluzioa eskatzen du testuak.