Eskualdeko euskaltegietan izena emateko epea jada zabalik da. Amurrioko Udalak eskualdeko gainerako Udalerri eta Arabako Foru Aldundiarekin batera antolatutako “Merezi du!” kanpainaren baitan, 2015-2016 ikasturtean euskaltegietan matrikulatzeko informazioa helaraziko du etxe guztietara.
Banatuko den triptikoaren bidez indarrean dauden hizkuntza eskakizunei buruzko informazioaz gain, Amurrio zein eskualdean dauden euskaltegi homologatuen berri jasoko da
“Merezi du!” kanpainak euskara praktikatzea helburu duen Berbalagun programan parte hartzeko informazioa ere eskaintzen du. Talde txikietan astero ordu betez elkartzen dira euskarazko mintza praktika egiteko. Izen-ematea doakoa da.
Diru-laguntzak
Informazio orrian HABEk euskara ikasteagatik eskaintzen dituen diru-laguntzak eskatzeko informazioa luzatzen da, baita Amurrioko Udalak eskaintzen dituen bekak eskuratzeko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko bideak ere.
Zentzu horretan, Amurrioko Udalak euskara ikasteagatik matrikulen kostuaren erdia diruz laguntzen duela gogora ekarri du. Ondorengo baldintzak bete behar izango dira diru laguntza jaso ahal izateko: 16 urte beteta izatea, Amurrion erroldatuta egotea eta %80ko asistentzia egiaztatzea. Aurreko ikasturteko (2014-2015) eskaerak urriaren 1etik 31ra bitartean aurkeztu behar dira Amurrioko Udalean.