Egitarau oparoa antolatu dute irailaren 27rako Amurrion. Izan ere egun horretan, Artzain Eguna ospatuko dute. Aurten XXII. Edizioa izango da.
Goizeko 10:00etan emango diote hasiera egunari Gaztaren II. Herri Lehiaketarekin. 11:30ean, ordea, Artzain omenduei ongi etorria emango zaie. Ondoren, gazta ekoizpenaren inguruko erakustaldia egongo da, ordu erdiko.
Jarraian, 12:30ean ordubeteko ilea mozteko bi teknikaren erakustaldia egongo da. Eguerdiko 13:30ean izango da Arabako artzainei omenaldia. Gazta herri txapelketaren sari banaketa ere, ordu berean egingo dute.
Aurretik aipatutako ekintza guztiak Juan Urrutia plazan izango dira. San Anton Plazan, aldiz, 15:00etan herri bazkaria izango da. Txartelak jada salgai daude Amurrioko Udalean eta turismo-bulegoan.16 euroren truke.
Eguna bukatzeko arratsaldeko 18:00etan artzain txakurren XVII. Lehiaketa egongo da Pikazako zelaiaren parean, udal-igerilekuen ondoan.
Goiz osoko egitaraua
10:00etatik 14:30ak arte beste hainbat txapelketa egongo dira. Batetik, Latxa arrazako ardien probintziarteko lehiaketaren XXII. edizioa. Frontoi kalean izango da hori.
Arabako esnetarako artalde mutur-beltz eta mutur-gorri onenen lehiaketa eta erakusketa egongo da eta baita esne-kontroleko ardi onenen eskualdeko txapelketa eta erakusketa. Gainera, Idiazabal Sor markako ardi gaztaren IX. Txapelketa ere egongo da, Ruperto Casanuevaren memoriala izango dena.
Horrez gain, Juan Urrutia plazan, gazten eta txakolinaren erakusketa eta salmenta eta euro baten truke 2 gazta zati dastatzeko aukera egongo da. San Anton Plazan, berriz, baserriko produktuen erakusketaz eta salmentaz gain, artisautza-produktuen erakusketa eta gastronomia erakusketaz gozatzeko parada emango dute.
Bukatzeko, Larrinaga kalean nekazaritzako makineriaren erakusketa izango da, Guk pasealekuan argazki- eta etnografia-erakusketa, Amurrioko txistulariak eta Urduñako Santa Cecilia Musika Banda arituko dira.