Abokatuak jakinarazi die Tubos Reunidos enpresako bi langileei epaia heldu zaiola eta absolbituak izan direla.
Gasteizko epaitegiak azkar hartu du erabakia, pasa den ostegunean epaitu baitzituen. Abokatuak adierazi die langileei ondo oinarritutako epaia dela baina oraindik itxaron behar dela, 10 egun izango baititu fiskaltzak helegitea jartzeko.
2012an hitzarmen kolektibo duin baten aldeko greban atxilotu zituen Ertzaintzak bi langileak eta horren ondorioz 2 urteko eta 6 hilabeteko kartzela zigor eskaera jaso zituzten beharginek fiskaltzaren aldetik.
Tubos Reunidos enpresako langile batzordeak mobilizazioak deitu zituen pasa den astean eta hainbat langile bertaratu ziren ostegunean Gasteizen, epaitegiaren aurrean elkarretaratzea gauzatzeko.