Amurrioko Berbalagun programa 2006. urtetik dago martxan eta udalak egitasmoari egonkortasuna emateko 4 urtera arte luza daitekeen kontratua sinatu du. AEKren arduradun nagusia den Mertxe Mugicak eta Amurrioko alkatea den Josune Irabienek sinatu zuten kontratua eta 2015eko irailaren 1ean bertan sartu zen indarrean.
Guztira udalak 9.875 € bideratuko ditu egitasmoaren kostuei aurre egiteko. Josune Irabienen arabera, azken urteotan urtero 40 amurrioarretik gora izan dira programan parte hartu dutenak, talde txikietan gutxienez astero ordu betez euskaraz hitz egiteko elkartu direnak.
Euskara ahoan
Egitasmoak euskararen ahozko erabilera sustatzea du helburu, eta bertan parte hartzeko euskaraz ahoz komunikatzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da. Taldeak zaletasunen arabera eratzen dira, hau da, guraso taldeak, poteoak, mendian korrika egiteko taldeak.... Horietako bakoitzean euskara maila jasoa duen dinamizatzaile bat egongo da. Zerbitzua doan eskaintzen da.
Gainera Berbalagun egitasmoak, hilean behin euskaldun orori irekita dauden irteera eta jarduera bereziak antolatzen ditu, hala nola, sukaldaritza tailerrak, ikastaroak, sagardotegira edo museoetara irteerak...
Izen ematea
Berbalagun egitasmoan parte hartu nahi duenak Amurrioko AEK euskaltegira jo beharko du (Etxegoienbidea, 8), edo bestela emailez (aiaraldea@aek.org) edo telefonoz (945.89.23.34 euskaltegikoa edo 607.673.744) eman dezake izena.