Amurrioko udalak emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako adierazpena egin du, Emakundek Leire Rodriguez Arrigorrigako herritarra eraila izan dela berretsi ostean. Emakumearen hilketa salatzea izan da adierazpenaren helburu garrantzitsuena eta udal talde guztiek ez ezik Aurreraka elkarteak ere sinatu du.
Udalak Leire Rodriguezen senide eta lagunei elkartasuna helarazi die testuaren bidez. Gainera, egunerokotasunean ematen diren jarrera matxista mota guztiak gaitzetsi ditu, indarkeria fisikoa muturreko adierazpena dela azpimarratuz.
Bukatzeko, tokiko erakundeak Amurrioko herritarrei gogoratu die pertsona guztien ardura dela bortizkeria matxistari aurre egitea, modu aktiboan salatuz eta eragotziz, biktimak babestuz eta erasoak saihestuz.