Luisa Ibarrola, Julen Latorre eta Joseba Otaola txirrindulariek oso denboraldi ona egitea lortu dute aurten. Hirurek oso emaitza onak lortu dituzte parte hartutako txapelketetan.
Luisa Ibarrola Saratxoakoa da eta Bicicleta.com taldean dago. Hainbat garaipen lortu ditu arlo ezberdinetan, izan ere, mountain bike, erloju kontrakoa eta errepideko lasterketetan aritu da. Apirilean Euskadi Errepide Lasterketan 3.postua lortu zuen. Maiatzean, berriz, Nafarroan ospatu zen Euskadiko Mountain Bike txapelketan txapelduna izan zen. Urduñan egin zuten erlojuaren kontrako Euskadiko Txapelketa eta bertan ere podiuma egin zuen 3. postua lortuz. Hilabete honetan, Luisa Lorcan egon da. Espainiako Montuntain Bike txapelketa egin da bertan eta podiumera beste behin ere igotzea lortu du, izan ere 3. heldu zen helmugara.
Julen Latorre amurrioarra Aiarabike Spiuk taldekoa da. Bera Junior kategorian aritzen da lehiatzen eta guztira 17 podium lortu ditu. Horietatik 7 garaipenak izan dira, bi ziklokrosean lortutakoak eta 5 MTB.
Gaur egun, Euskadiko ziklokroseko txapelduna da eta Espainiakoan 7.postua lortu zuen. Euskadiko MTB txapelketako garailea ere bada, Espainiako txapelketan, ordea, 10. postua lortu zuen. Nahiz eta bukatzeko lasterketa bat geratzen den, Euskadi Open MTB Txapelketako txapelduna ere bada eta Espainiako Txapelketan podiumera igo zen lasterketan lortutako 3. postuari esker.
Joseba Otaolak ere bere garaipenak egin ditu. Bera Amurriokoa da eta Luyando Opticos taldean kadete bezala aritzen da. Aguraineko Gaztetxoak Txapelketako txapelduna da bera. Txapelketa hori 4 etapaz osatuta dago eta Euskadi eta Nafarroako txirrindulariek hartzen dute parte. Espainiako Txapelketan 3. postua lortu zuen orain dela gutxi eta postu bera lortu zuen taldeko erloju kontrako lasterketan.