Irailaren 10ean epaituko dituzte Gasteizen Tubos Reunidos enpresako bi langile. Batek 2 urteko kartzela zigor eskaerari egingo dio aurre eta besteak 6 hilabeteko zigor eskaerari.
Hori dela eta langileek erabaki dute hainbat protesta gauzatzea. Hasteko ordubeteko lanuzteak egingo dituzte iraila hasieran eta irailaren 10ean, epaiketa egingo den egunean, egun osoko lanuztearekin burutuko dute protesta.
Langileek iragarri dute Gasteizera hurbilduko direla egun horretan bere kideei babesa eskaintzeko. Horregatik elkarretaratzea antolatuko dute epaitegian.
Langile ordezkari batek nabarmendu du errepresioaren aurka eta ekintza sindikalaren alde mobilizatuko direla.
2012ko greban egindako atxiloketak
Epaituko dituzten bi langileak 2012an egindako greban atxilotu zituen Ertzaintzak. Orduan, Tubos Reunidos enpresako langileek gogor salatu zuten poliziaren jarrera, atxilotutako behargin bat zauritu eta beste bost grebalari identifikatu baitzituen.