Atzo ireki berri zuten San Anton Plaza berria. Obrak bukatuta, plazak hainbat aldaketa nabarmen izan ditu eta gainera 40 metro karratu inguru gehiago ditu. Estalpea da plazak duen aldaketarik nabarmenena.
Herri erdian kokatuta dago plaza eta ondoan ermita du. Josune Irabien, Amurrioko alkateak, atzo esan zuenaren arabera “plazak potentzial handia du orain eta horri esker, modu ezberdinetan erabili ahal izango da. Gainera hemen daramagun denbora gutxian ikusi ahal izan dugu nola jendeak plazaren erditik gurutzatzen duen eta lehen normalean inguratzen zuten.”
“Alde Batera” proiektuaren irabazlearen proiektua da plazan egin dutena eta Paskual eta Sedano Arkitektura estudioak irabazi zuen. Aurkeztutako lana bere horretan eraikitzea erabaki zuten, baina etorkizunean aldaketarik egin beharrekotan, egingo dituztela baieztatu du alkateak.
Emaitza 430 metro karratuko plaza berria da. Azpiegitura handi bat du, zeinetan azpian geratzen den toki guztia erabilgarri dagoen. 206.000 euroko aurrekontuarekin itxi zuten proiektua, baina oraindik ez dute proiektua guztiz likidotu eta obra bitartean egin behar izandako aldaketa batzuengatik aurrekontu hori igoko da. Dena den, 258.000 eurotik ez dela igoko adierazi du alkateak.
Asteko merkatua
Josune Iraibienek esan zuenaren arabera, momentuz ostiralero egiten den merkatua, ez da plazara bueltatuko. Izan ere, postu denek ez dute estalpearen azpian egon ahal izateko tokirik eta erabaki beharreko kontua dela azpimarratu alkateak. Gainera Kultu Etxearen aurreko aldean jartzen diren baserritarrekin ere hitz egin nahi du udalak, jakin ahal izateko ea haiek beraien tokia mantendu nahi duten edo San Anton Plazan jarri nahi dituzten postuak.