Amurrioko udal osoko bilkurak aukeratu zituen atzo Foru Planean aurkeztuko dituen lanak. Ondorioz, udalak Mendizur kalea, Larrabe auzoa eta Bergantza auzoko saneamendu lanak eta Frontoi kaleko urbanizazioa diruz laguntzea eskatuko dio Arabako Foru Aldundiari.
PP, PSE-EE, EH Bildu eta EAJ alderdiek babestu zuten eskaera eta Amurrio Guk Bai eta Orain Amurrio taldeak abstenitu ziren.
Estolderia
Mendizur kalean eta Larrabe eta Bergantza auzoetan aurreikusitako estolderia lanek 897.000 euroko gastua suposatuko lukete eta gehienez aldundiak %90 ordaindu dezake.
Frontoi kalea, partaidetza beharrezkoa
Frontoi kaleko urbanizazioak 1.300.000 euro balioko du aurrekontuaren arabera. Gehienez %60ko diru-laguntza jaso dezakete lanek eta oraindik aurreproiektua da.
Udal taldeek nabarmendu zuten partaidetza prozesua abiatu behar dela behin betiko proiektua erabakitzeko. Horretarako auzokideei, ostalariei eta merkatariei galdetuko zaie lanen helburuei buruz.
Irisgarritasuna
Frontoi kaleko obrak irisgarritasuna du xede, besteak beste. Horrela, frontoiko zein Juan Urrutia plazako irisgarritasuna hobetu nahiko lukete.
Aparkalekua
Frontoi kaleko lanek iraungo duten bitartean aparkalekuak eskainiko ditu udalak jabe pribatu batekin lortutako akordioari esker.