Alfredo Remirez amurrioarrak gaur deklaratuko du Bilboko Epaitegian, “Armiarma 3” operazioan atxilotutako beste hainbat herritarrekin batera.
Iragan maiatzaren 19an atxilotu zituen lagun horiek guztiak Guardia Zibilak, “terrorismoa goratzea” egotzita. Gaur goizeko deklarazioa, baina, ez da euren aurkako epaiketakoa izango, Guardia Zibilaren aurkakoa baizik. Operazio horretan atxilotutako kide batzuek salaketa jarri baitute legez kanpo atxilotu zituztela eta defentsarako eskubidea urratu zietela argudiatuta. Gauzak hala, lekuko moduan deklaratuko dute Remirezek zein beste kideek.
Deklaratzera joango direnei babesa emateko elkarretaratzea deitu dute epaitegiaren aurrean, gaur, 10:30etan.
Txiolarien aurkako epaiketa
Remirezek adierazi du txiolarien aurkako epaiketan jada deklaratu duela. Amurrioko epaitegian egin zuen deklarazioa, Entzutegi Nazionalarekin bideo-konferentzia eginaz. Baina epaiketa oraindik bukatu ez dela azaldu du amurrioarrak.