Ospakizun garaia da, Amurrioko Txosnaguneak hamar urte bete baititu aurten. Hori dela eta, Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak egitarau oparoa prestatu du Amurrioko jaietarako eta baita datorren hilabeterako ere.
Alde batetik, jaiei hasiera eman aurretik, Abuztuaren 1ean, Jai Herrikoien Aldeko Eguna prestatu du batzordeak. Egun horren ospakizunen baitan, mendi irteera bat dago antolatuta goizerako eta triki-poteo bat eta parrillada bat iluntze parterako.
Amurrioko Jaiei dagokionez, ekintza ugariz beteriko egitaraua prestatu du Jai Herrikoien Aldeko Batzordeak. Egitarauari dagokionez, aurten bi bazkari antolatu dira. Alde batetik, jadanik ohitura bihurtu den Paella Txapelketa. Bestalde, Abuztuaren 13an, gazte egunaren baitan antolatuko den herri bazkaria.
Urtero lez, musikak aurten ere indar handia hartuko du jai herrikoien aldeko egitarauan eta Governors, El Baston de la Vieja, Akerbeltz, DJ Loro, Aiaraldeko Sound edota DJ Bull bezalako taldeek kontzertua eskainiko dute. Aurten ere, elektrotxarangaren poteoak pisu handia dauka egitarauaren musika arloan, Ttek Elektrotxaranga Abuztuaren 14an arituko delarik.
Andoni Egaña, Oihana Bartra, Izar Mendiguren eta Asier Rubio, bertsotan
Horretaz gain, aurten Abuztuaren 13rako prestatu den bertso saioak ere garrantzi handia izango du Amurrioko Jaietan. Bertso saioan parte hartuko duten bertsolarien artean Andoni Egaña, Oihana Bartra, Izar Mendiguren eta Asier Rubio egongo dira.