ELA eta CCOO sindikatuek deituta, bi egunetan, ekainaren 26 eta uztailaren 2an, 4 orduko geldialdiak egin dituzte Lazaro Ituarte enpresako langileek. Gaur, hilaren 3a eta datorren asteko ostegun eta ostiralean geldialdiak errepikatuko dituzte.
Mobilizazioen zergatia hiru esparrutan sailkatzen da. Lehenak hitzarmen kolektiboari dagokio. Orain dela 2 urte sinatu zuten azkenekoa eta hurrengoa noiz sinatuko duten ezbaian dago. Izan ere, Lazaro Ituarteren jabea den taldeak lau enpresa ditu guztira eta guztietan hitzarmen bakarra ezarri nahi du.
Bigarren esparrua kaleratzeena da. Orain arte hainbat langile kaleratu dituzte. Sindikatuen ustez muturreko neurrietara heldu baino lehen beste neurri batzuk hartu behar dira.
Hirugarrena emakumeen egoerari lotuta dago. CCOOk enpresak emakume gutxi kontratatzen dituela salatu du. Gainera, kontratatuekiko tratua ez dela egokia iritzi du sindikatuak, jarrera matxistak jasan behar dituztela argudiatuta. Besteak beste, haurdunaldiei lotutako egoerak aipatu ditu sindikatuak.