Duela lau urte baino gehiago jaio zen Nerbioi Rugby Elkartea eta jada, senior taldea osatzea lortu dute. Horren aurkezpen ofiziala ekainaren 13n Amurrioko Reforrean egingo dute.
Araban bi talde baino ez daude senior maila, Gaztedi eta Nerbioi Rugby. Hori dela eta, elkartekideek diotenez oso garrantzitsua da talde honen sorrera. Hasieran, elkarteak lau helbururekin sortu zen. Lehenik eta behin, eskualdean kirol hau ezagutaraztea. Ondoren, jarraitutasuna izango zuen Eskola kluba sortzea. Gero, umeak errugbiaren oinarrizko balioetan heztea, eta, azkenik, ahalik eta lasterren senior errugbi talde bat sortzea, Aiaraldearen ordezkaria izango dena.
Elkartekideek beraz, haien helburu guztiak bete dituztela adierazi dute. Egitura sendoa duen eta kategoria guztietan 40 kide baino gehiago dituen proiektua aurrera atera dute, lanak bere fruituak eman ditu. Gaur eguneko testuinguruan, zeinetan errugbi kirolak hain oihartzun txikia duen, horrelako proiektu bat aurrera ateratzea gogorra eta zaila dela adierazi dute elkartekideek. Hori dela eta instituzioei deia egin diete errugbiko elkartekoei, “Amurrioko udalari eta Foru aldundiari dei egiten diegu, kirol hau susta dezaten eta beren esku dauden ahalegin guztiak egin ditzaten, batez ere, kirol hau duintasunez praktikatu ahal izateko behar diren azpiegiturez hornitzeko gure herria”.
Eguneko egitaraua
Esan bezala ekainaren 13an egingo dute senior taldearen aurkezpen ofiziala. Arratsaldeko 17:00 eta argazki ofiziala aterako dute eta 17:30etan lagun arteko partidua jokatuko dute. Txosna eta musika ez dira faltako eta zozketak eta opariak ere egongo dira.