AITOR ARCAS (Amurrio, 1990)Eraso Aiara jubenilen taldeko entrenatzailea da. Aurten Euskadiko txapeldunak dira.
Euskadiko txapeldunak zarete aurten areto futbolean. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Denboraldi osoan zehar egindako lanaren saria, taldearentzat Euskadiko txapeldun izatea inoiz ez delako helburu izan, baina aukera ikusi genuen unetik aurrera, bai jokalariek, klubak zein ni kneuk egindako lana ikaragarria izan da eta.
Zer nolako denboraldia izan da aurtengoa?
Denboraldi paregabea izan da. Arabako Ligan 20 partida jokatu eta horietatik 18 irabazi ditugu, bat berdinduz eta bakarra galduz, bi jardunaldi faltan txapelketa zihurtatuz. Gainera, aurreko asteburuan guk saritzat hartzen genuen Euskal Kopa irabazi egin dugu eta hau gutxi izango balitz asteburu honetan Gasteizen Arabako Kopako finalerdia (eta hau irabazi ez gero finala) jokatuko dugu.
Zer nabarmenduko zenuke?
Denboraldiari dagokionez jokalariek partida ezberdinetan zehar, emaitza txar baten aurrean erakutsi duten adorea eta irabazteko nahia eta talde arloan jokalarien arteko harreman ezinhobea.
Eta aurreko urtekoarekin konparatuz, hobera edo txarrera egin duzue?
Dudarik gabe hobera egin dugu, liga lehen aldiz irabazi dugu aurten baina horrez gain hiruzpalau jokalarik lehen taldearekin jokatu ahal izateko maila lortu dute.
Zenbat entrenatzen duzue?
Astean bitan entrenatzen dugu, ordubete eta erdiko entrenamenduak dira normalean nahiz eta lesioak, gaixo dauden jokalariak edo azterketatan buru belarri sartuta dauden jokalariak ugari badira sesioak laburtu edo zuzenean bertan behera uzten ditugun.
Zein motako entrenamenduak egiten dituzue?
Urtero Egoitz (lehen taldeko entrenatzailea) eta biok bi taldeontzako aurredenboraldia prestatzen dugu Egoitzek berak prestatutako metodologia baten bitartez. Horrela, nahiz eta maila ezberdinean, lehen taldeko jokalariek zein talde jubenilekoek kontzeptu berberak lantzen dituzte. Denboraldiak aurrera egin ahala, bakoitzak bere taldearen beharren arabera egiten du lan ordea. Baina bi taldeek jokalariek ondo pasatzea daukate helburu nagusi eta kontzeptu tekniko zein taktikoak lantzeaz gain, jokoak, partidatxoak eta horrelakoak egiten ditugu baita.
Nolako harremana duzue taldekideen artean?
Lehen komentatu dudan bezala jokalarien arteko harremana paregabea da, baita hauek nirekin daukatena ere. Dudarik gabe jokalari guztien arteko adin desberdintasun txikiak asko laguntzen du hau lortzeko.
Orain dela zenbat urte hasi zinen zu areto futbolera jolasten?
Egia esan ni ez naiz inoiz areto futbolean aritu jokalari bezala. Duela 6 urte nire lagun batzuk sortu zuten Eraso Aiara, orduan ni ez nuen taldearekin inongo loturarik. Hiru urte eman nituen harmailetan haien partida gehienak ikusten, urte horietan hiru igoera jarraian lortu zituzten eta Euskal Ligara iritsi ziren. Momentu horretan Egoitzek, areto futbola oso gustoko nuela ikusita eta taldearen beharrak zirela eta, laguntza eskatu zidan eta urtebetez bere laguntzaile bezala aritu nintzen. Orduan konturatu nintzen benetan gustoko nuela entrenatzea eta pasa den denboraldia hasi zenetik jubenil mailako taldea hartu nuen.
Zergatik areto futbola eta ez futbola?
Nire kasuan behintzat argi daukat, kirol honetan ez dago partida aspergarririk, uneoro baitaude gol aukerak. Gainera 11 jokalari izan beharrean 5 bakarrik direnez defentsa arloan ezin daiteke inor ezkutatu eta erasoan guztion partaidetza beharrezkoa da, baita noizbait atezainarena ere.