“Beste talde guztiekin hitz egin beharko dugu, apaltasun osoz”

Erredakzioa 2015ko mai. 25a, 09:18

Josune Irabien (Amurrio, 1970) EAJ-PNVren zerrendaburua izan da udal-hauteskundeetan. Zerrenda jeltzaleak lortu ditu boto gehien eta gobernua osatzeko aukeren inguruan mintzatu da alkategaia. 

Talde bozkatuena izan da zuena. Pozik?

Josune Irabien (Amurrio, 1970) EAJ-PNVren zerrendaburua izan da udal-hauteskundeetan. Zerrenda jeltzaleak lortu ditu boto gehien eta gobernua osatzeko aukeren inguruan mintzatu da alkategaia. 

Talde bozkatuena izan da zuena. Pozik?

Arlo pertsonalean pozik nago, noski. Baina gehienbat nire alboan dagoen jendearengatik. Beraiei esker lortu dugu emaitza hori, guztion lana izan da. Zentsu horretan nahiko pozik gaude. Hala ere, faltan botatzen ditut lau urte hauetan gure alboan izan direnak eta jada ez daudenak.

Nola baloratzen dituzu lortutako emaitzak?

Oso goiz da oraindik. Finkatu egin behar dugu jasotako informazioa. Azkenengo bi orduetan (elkarrizketa gaueko hamarrak aldera egin zen) informazio asko heldu zaigu. Batetik, eskertu nahi diot Amurrioko jendeari emandako konfiantza, gehienbat EAJko jendeari. Eta nirekin egondako jendeari egindako lana eskertu nahiko nioke.

Beste aldetik, oso goiz denez emaitzez hitz egiteko datozen egunetan nik uste dut zentratu egin beharko dugula ikusten zer nolako panorama geratu den. Bitxia badirudi ere, orain Amurriok sei alderdi izango ditu Udalbatzan. Egoera erabat ezberdina da eta hausnarketa egin beharko da, beraz. Boto gehien jaso duen taldea garen aldetik, pentsatzen dut talde guztiekin hitz egin beharko dugula, gehienbat ekainaren 13an dagoen Osoko Bilkurari begira.

“Orain Amurriok sei talde izango ditu udalbatzan. Egoera erabat ezberdina da eta hausnarketa egin beharko da”

Beste taldeak aipatu dituzu. Nola baloratzen dituzu euren emaitzak?

Eman den aldaketa gehienbat jendartean dagoen aldaketaren isla dela esango nuke. Pentsatzen dut eurek eginiko lanak ere eragina izan duela. Kasu ezberdinak dira. Alde batetik, Podemosetik emandako sartzea dago. Mugimendu orokorra da hori, ez da soilik Amurrion gertatu den zerbait. Beste aldetik, Guk Bai dago, Amurrion propio sortutako taldea dena, auzokideentzako egina gehienbat. Errealitate ezberdinak dira erabat.

Kasu honetan nik uste dut programei begiratu behar diegula. Guk badugu gurea. Kasu honetan aztertu beharko ditugu programa guztiak eta ikusi zer gauza ezberdin eta zer gauza komun dauden. Planifikazio bat egin beharko da datozen egunetan.

Gobernatzerako orduan koalizioak osatzen saiatuko zarete beraz?

Oso goiz da horretaz hitz egiteko. Nik uste dut hausnarketa egin beharko dela. Zuhurtasunaren barruan pozik bagaude ere, aztertu egin behar dugu sortu den egoera. Azken momentuko kontua izan da gainera: zortzi zinegotzi genituen eta azken momentuan zortzigarren hori beste alderdi batengana joan da. Une honetan burua oso hotz izan behar dugula eta zuhurrak izan behar garela uste dut. Apaltasun osoz jokatu behar dugu alderdi guztiekin.

Beste alderdiek EAJ gobernutik kanporatzeko ahalegina egin dezaketela uste duzu?

Horretarako ere goizegi da. Egia da boto gehien jaso dituena EAJ izan dela, eta Amurrion orain arte beti errespetatu egin izan da gehiengoa. Baina aldatuz doa egoera politikoa. Horregatik talde guztiekin hitz egin beharko dugu ekainaren 13ko Osoko Bilkura horri begira, finkatzeko talde horien pentsaera zein den eta baloratzeko ea nondik joan daitekeen kontua. Paktuak ez nituzke aipatuko, ez dut uste orain paktuen inguruan hitz egiteko moduan gaudenik.

Gauzak hala, zeintzuk izango dira datozen hilabeteei begira izango dituzuen lehentasunak?

Hemendik hiru astera Osoko Bilkuran derrigorrean izendatu beharko da alkatea. Gauzak hala, datozen hiru asteetan buru-belarri aritu behar izango gara horrekin. Uste dut abiadura handiarekin iritsi garela guztiok hauteskundeetara, eta orain bada zentratzeko eta lasaitasuna hartzeko. Zorionez uda dago tartean, eta orduan ekin beharko zaio lasaitasun osoz, udala irailetik aurrera normaltasun osoz funtzionamenduan egon dadin. Ekaina eta uztaila bitartean funtzionamendu osoa utzi beharko da finkaturik. Abuztua igarota, irailean ekin beharko zaio zintzo eta buru-belarri programa eta abarrei.

“Goizegi da paktuez hitz egiteko”

Eta zeintzuk izango lirateke EAJren partetik lege-agintaldi berriari begirako lehentasunak?

Lehentasunak ez ditugu asmatuko, programan agertzen direnak izango dira. Kanpaina izan bitartean aukera izan dut beste taldeen hainbat programa irakurtzeko eta kasu batzuetan gauza batzuk oso antzekoak dira. Edozein kasutan, guk oso programa ona daukagu. Ez da 2015ean ezerezetik sortutako programa bat, duela bost urte sortutako programatik sortutakoa baizik. Eta egunero elikatzen da, askotan alderditik kanpoko Amurrioko jendearen ekarpenekin, sigletatik haratago dagoen jendearekin.

Horregatik, gaur egun arte osatu dugun programa oso programa eramangarria da, Amurrioko herriarentzat eginikoa, eta horretan zentratu egin beharko dugu.

Gauzak hala, zer mezu helarazi nahiko zeniekete herritarrei?

Gehienbat nik eskertu nahi die emandako konfiantza. Orain dela lau urte pentsatzen dut jendeak ez ninduela ezagutzen, ez gintuela talde moduan ondo ezagutzen.  Lau urte pasa ostean ikusi dugu konfiantza sortu dugula eta jendeak berriro ere bozkatu egin digula. Eta emandako konfiantza horri erantzuna eman nahi diogu. Horregatik, datozen lau urteetan orain arte jarraitutako ildo beretik jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu; pertsona zuhurrak izaten, apalak eta langileak.  Beti izango dugu kontuan programaren ardatz nagusiena: herria hobetzeko eta jendea hobeto egoteko gaudela hemen. Badakigu egoera ekonomikoa oso larria dela eta horregatik  gaizki dagoen jendeari begira lan egin nahi dugu bereziki.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide