Saratxoko saihesbidearen makro-proiektuaren aurkako "Saratxo Bizirik 2.0" plataformak prentsa oharra kaleratu du hauteskundeei begira.
Saratxoko plataformak interpelazio zuzena egiten die alderdi politiko desberdinei, hauteskunde sasoian jasangarritasun, parte-hartze eta erabakitze eskubide promesek balio gutxi dutela salatuz.
Plataformak argi utzi nahi izan du oharrean saihesbidearen makro-proiektuari ezetza ematen jarraituko duela, proiektu garesti, bortitz eta zentzugabekotzat jotzen baitute. Proiektuaren planteamenduak herri txikietako bizitza suntsitzera datorrela azpimarratu dute.
"Saratxo Bizirik 2.0" plataformaren ustetan konponbidea askoz sinpleagoa da, eta horren berme eman dute plataformarekin bildu diren Errepide-ingeniari eta teknikari desberdinak. Azkenik herritarron ordezkari izan nahi dutenek euren aldarrikapenak kontuan hartzeko eskatu dute.