Anbulatorio berriaren inguruko gatazka udalbatzatik harago joan da

Erredakzioa 2015ko mai. 7a, 13:52

Amurrioko udalbatzak anbulatorio berria eraikiko den lursailari erabilera baimena aldatu zion asteartean. EAJ eta PSE-EEk babestu zuten neurria eta PP abstenitu zen bitartean EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

Eztabaida luzea sortu zuen anbulatorio berriaren kudeaketak. PPk adierazi zuen informazio eta gardentasun falta egon dela prozesuan eta EH Bilduk gauza bera aurpegiratu zion udal gobernu taldeari.

Amurrioko udalbatzak anbulatorio berria eraikiko den lursailari erabilera baimena aldatu zion asteartean. EAJ eta PSE-EEk babestu zuten neurria eta PP abstenitu zen bitartean EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

Eztabaida luzea sortu zuen anbulatorio berriaren kudeaketak. PPk adierazi zuen informazio eta gardentasun falta egon dela prozesuan eta EH Bilduk gauza bera aurpegiratu zion udal gobernu taldeari.

Eva Blancok bereziki azpimarratu zuen ginekologia zerbitzua ez dela bermatu anbulatorio berrian, plan funtzionalari erreparatuz. EH Bilduko zinegotziak azpimarratu zuen aldarrikapen historikoa izan dela ginekologia zerbitzuarena.

Josune Irabien alkateak adierazi zuen ez zegoela ados PPk eta EH Bilduk egindako kontakizunarekin eta nabarmendu zuen udalaren eskumena ez dela erabakitzea zer zerbitzu mota izango dituen anbulatorioak, Osasun Sailarena baizik.

Josune Irabien eta Pedro Ibarrolaren kritikak

Udalbatzaren ostean Josune Irabien alkateak eta Pedro Ibarrola Kirol eta Osasun zinegotziak oharra zabaldu dute EH Bilduren jarrera salatzeko. Haien ustez Eva Blanco hautagaiaren taldeak anbulatorio berriaren aurkako jarrera izan du.

Udal gobernu taldeko kideen aburuz anbulatorio berriak amurrioarren behar guztiei erantzungo die osasun profesionalek proiektua garatu baitute.

EAJko ordezkariek azaldu dute azpiegitura berriak 1200 metro izango dituela, egungoak 600 metro dituen bitartean. Bestalde, gaineratu dute hainbat zerbitzu emango dituela eta ez dute baztertzen ginekologia zerbitzua ere eskaintzea etorkizunean.

EH Bilduren erantzuna

EH Bilduk ere oharra zabaldu du EAJri erantzuteko. Hasteko koalizioak azaldu du ez zutela anbulatorio berriaren aurka bozkatu, baizik eta onartutako kokapen berriaren kontra.

EH Bilduk esan du ez dagoela txosten teknikorik kokapen hori babesteko eta aldi berean leku horretan babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko aukerak bertan behera utzi dituela udalak. Zentzu horretan koalizioak adierazi du Josune Irabienek Urkulluri mesedea egin diola, inbertsio berriak ekidituz eta austeritate politikak babestuz.

Bukatzeko, EH Bilduk azpimarratu du ez dagoela anbulatorio berriaren aurka baina bere ustez zenbait zerbitzu -ginekologia, adibidez- bermatu ezean eraikin berriak ez ditu herritarren beharrak asetuko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide