Pentsiodunen kolektiboak eskubide sozialen aldeko errebindikazioa eramango du ostiralean, hilak 24an, Amurrioko plazara eguerdiko 12etan. Arabako Pentsionistak Lanean plataformak ordainketa partekatu farmazeutikoaren aurkako kontzentrazioa deitu du xede horrekin.
Euskal Herriko pentsiodunen plataformek zabaldutako manifestutik abiatuta, beste hainbat aldarrikapen zerrendatu dituzte deialdian, besteak beste, erreforma fiskal mailakatuaren beharra, argindar eta gas tarifen igoeraren aurkako plantoa eta pentsioetarako 1.000 euroko gutxieneko kopurua bermatzearen beharra.
Horrez gain Babes eta Gizarte Segurantza sistema propioaren aldeko hautua egiten du Pentsionistak Lanean plataformak, pentsio sistemaren gestio hurbil eta parte-hartzailea lortze aldera.
Arabako Pentsionistak Lanean plataformaren ekimenez osasun zein bestelako arloetan krisiaren aitzakiaz ezarritako murrizketek pentsiodunengan izandako inpaktua salatzeko ekimenak deitu dituzte aldiro aiaraldeko herrietan.