"Artista batentzat izugarria da atzetik zure ibilbidea jarraitu duen baten bat badagoela konturatzea"

Erredakzioa 2015ko api. 23a, 13:39

DIEGO MARTÍN ETXEBARRIAk (Amurrio, 1979) San Prudentzio jaien pregoilaria izan da, Foru Aldundiak hautaturik. Opera zuzendaria da eta bere ibilbidea Amurrioko Musika Eskolan hasi zuen. Orain, Alemanian bizi delarik, Berlingo Staatsoper-en opera zuzendari giza estreinatu da. Elkarrizketa: Anakoz Amenabar, Alea

DIEGO MARTÍN ETXEBARRIAk (Amurrio, 1979) San Prudentzio jaien pregoilaria izan da, Foru Aldundiak hautaturik. Opera zuzendaria da eta bere ibilbidea Amurrioko Musika Eskolan hasi zuen. Orain, Alemanian bizi delarik, Berlingo Staatsoper-en opera zuzendari giza estreinatu da. Elkarrizketa: Anakoz Amenabar, Alea

Nola jaso zenuen pregoilari izateko proposamena?

Iciar Lamarain kultura diputatuak deitu zidan albistea emateko eta sorpresa handia izan zen. Halakorik merezi izateko hainbesteko ibilaldia ote dudan galdetzen nion nire buruari baina, edozein modutan, oso pozik egindako eskaintzagatik.

Artista batentzat izugarria da atzetik zure ibilbidea jarraitu duen baten bat badagoela konturatzea; azken batean, publikoarentzat lan egiten dugu eta norbaitek zu jarraitzen bazaitu ondo doan seinale.

Maiz bueltatzen zara etxera?

Ez da erraza izaten, dudan lanagatik, bidaia asko egin behar dudalako. Baina familia eta lagunak han ditut eta gustuko dut tarteka bueltatzea.

Amurrioko jaietan ez dut hutsik egiten, eta tartean nire lagun Unai badago odoloste jana prestatzen ez dut zalantzarik bertara gerturatzeko.

San Prudentzioko pregoian izan zinen eta laster bueltatuko zara Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zuzentzera.

Bai, hiru aste barru Errenterian (Gipuzkoa) izango naiz Sinfonikoa zuzentzera. Errepertorio polita izango dugu, Usandizagarenak tartean, eta oso pozik nago aukerarekin. Ondo ezagutzen ditut Sinfonikoa eta Bilbokoa eta asko eskertzen dut etxetik aukera ematen didatenean.

Nolakoa izan da Alemanian egin duzun musika ibilaldia?

 

Trena mugitzen hasi zen eta dagoeneko ondo doa bera bakarrik. Lehenengo urteak oso zailak izan ziren, ez nuen alemana ezagutzen eta pilak jarri arte ez nuen ondo pasa. Zorionez, bi eskola bikainetan izan nintzen, Weimar eta Dresdenen, eta oso ondo hartu ninduten.

Alemanek gauza garrantzitsu bat dute: formazio bat eman dizutenean, zurekin inbertsio bat egin dutenean, saiatzen dira haiei lotzen eta formazio horrek emaitzak han eman ditzan.

Hori musikariontzat oso onuragarria dela uste dut, eta etxean oraindik ez dugu hori lortu; ez dugu lortu lan mundurako bide sendo batzuk sortzea, formazioan inbertitzen ari garen guztiarekin.

 

Alemaniatik begiratuta, zer gabezia ikusten duzu Euskal Herrian?

 

Egitura defizit izugarria dugu. Alemaniara begiratu eta harritu egiten gara, baina 500 urte daramate bertan hau egiten, 150 orkestra profesional daude, 50.000 biztanleko hiri guztiek dute opera antzoki bat, eta eurentzat operara joatea zinera joatea bezalakoa.

Guk uste dut ez dugula lana norabide egokian egin; artearentzat espazioetan asko inbertitu da, eta garrantzitsuak dira, baina horren aurretik musika kultura bat behar da, kulturarekiko interes bat.

 

Eskolatik hasi behar da?

 

Ezinbestekoa da publiko gazteena horretara ohitzea. Opera adreilu bat den irudia bertan behera botatzeko ahalegina egin behar dugu, baina hainbeste pauso eman behar dira horretarako...

Auditorioak baldin baditugu baina ez badugu jenderik hori eskatzen dabilenik jai dugu. Hori da Espainiako leku askotan gertatzen ari dena: auditorio bikainak daude baina eskaintzarik gabe eta eskaintzen ari dena publikorik gabe.

 

Alemanian nabaritu duzu murrizketarik azken urteetan?

 

Krisia nabaritu da, noski. Beharbada lehenago erreakzionatu dute eta ez dira hain gaizki egon baina gertatu dena ez dute eurek ere sinisten: Freigburg eta Stuttgarteko orkestrak fusionatuko dituzte, antzoki eskaintza murriztu da…

Ez da Espainian bezain beste nabaritu baina nabaritu da; Espainian kulturak izan duen murrizketa eskandalua izan da, gaur egun ia ezinezkoa da agertokietako musikari moduan irautea.

 

Zergatik erabaki zenuen orkestra zuzendari izatea?

 

Ez dakit azalpen arrazional bat duen. Hor goian sortzen diren sentimenduekin du harreman handiagoa.

Metallicak San Frantziskoko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu zuena dut gogoan; hainbeste jende izatea agertoki gainean eta horrek guztiak funtzionatzea zirraragarria da, zuzendaria izan edo ez, eta gainera horren guztiaren erdian bazaude, eta musikari profesional ikaragarriekin, abesbatza…

Halako proiektu handi batean zaudela ikustea eta zure lanak hori errazteko balio dezakeela ikustea esperientzia ikaragarria da.

 

Eta horrek guztiak ondo funtzionatzeko zein da gakoa?

 

Musikariek ematen dizutenarekin, eskaintzen dizutena ikusi eta proposamen horiek bideratu behar dituzu zuk prestatuta duzunaren arabera eta konpositoreak erakutsi nahi zuenaren arabera. Alde psikologiko eta alde metafisiko bat dauka; zuzentzea baino orientatzea dela esango nuke, askoz garrantzitsuagoa da; ez da askok buruan duten udaltzainaren lana. Sentsibilitateak batzean datza; lau bost laguneko taldean akordio batera irits daiteke baina taldea ehun lagunekoa denean bestelako arma batzuk behar ditu zuzendariak.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide