"Aintzat hartu behar dugu 6 urtetan Amurrioko udalaren aurrekontua erdira jaitsi dela"

Erredakzioa 2014ko urr. 16a, 22:40

JOSUNE IRABIEN (Amurrio,1970) alkatea da orain eta berriro kargua lortzeko erronkari aurre egingo dio laster. Bere alderdikideek hautatu baitute haien proiektuaren hautagaia izateko. Egindako lanari buruz mintzatu ez ezik datorren hauteskundeen inguruan ere hitz egin du.

Nola jaso duzu hautaketa?

Hautaketa pozez hartu dut baina aldi berean erantzukizun handia da. Alderdikideek berriro ere emandako konfiantza horri erantzun behar zaio eta hori lanaren bitartez egin beharko dugu.

JOSUNE IRABIEN (Amurrio, ) alkatea da orain eta berriro kargua lortzeko erronkari aurre egingo dio laster. Bere alderdikideek hautatu baitute haien proiektuaren hautagaia izateko. Egindako lanari buruz mintzatu ez ezik datorren hauteskundeen inguruan ere hitz egin du.

Nola jaso duzu hautaketa?

Hautaketa pozez hartu dut baina aldi berean erantzukizun handia da. Alderdikideek berriro ere emandako konfiantza horri erantzun behar zaio eta hori lanaren bitartez egin beharko dugu.

Zure ustez zer da alderdikideek aintzat hartu dutena zu berriro hautatzeko?

Lehenik eta behin hasierako konfiantza bera mantendu da. Bestalde, nire ustez garrantzitsuena da proiektu baten atzean gaudela eta konfiantza dagoela proiektu horrengan. Ikusten da apurka-apurka herriarentzako etekina lortzen dela, gauzak nolabait hobetzen gaudela.

Eta bukatzeko, nire atzetik dagoen jendearekin elkarlanean gaude eta hiru elementu horiek izan dira nire ustez erabakigarriak.

Proiektua aipatu duzu. Zeintzuk dira oinarriak?

Proiektuaren oinarriak dira garai batean jaso genituenak. Agiri batean eta legealdirako proiektuan bertan.

Funtsean erakunde bat egin nahi dugu herriko jendearentzat eta ez alderantziz. Eta orain gauzatzen ari gara ibilbide hori erakundetik jendearengan hurbiltzeko nolabait.

Ildo horretatik hainbat elementu lantzen gaude. Hurbiltasuna lortzeko partaidetza prozesuak alde batetik. Eta hainbat aldiz aipatzen den gardentasun hori lortu nahi dugu eta gauzatzen ari gara.

Modu batean hori adierazteko badaude proiektu zehatz batzuk eta proiektu horietan sinesten dugu eta lan egiten dugu gauzatzeko. Hainbat adibide daude eta horretan gaude, batzuk epe ertainean gauzatzeke eta beste batzuk hurrengo legealdian gauzatzeke.

Indarrean dagoen legealdian, zuretzat zeintzuk izan dira proiektu interesgarrienak edo garrantzitsuenak?

Hurbiltasuna lortzeko ezinbestekoa izan da partaidetza; tresnak eta baliabideak ematea herritarrei erakundea hurbilagoa egiteko. Horretarako etengabe aritzen gara.

Gauza bat egiten dugun bakoitzean herritarrei galdetzen diegu iritzia, proiektua egin baino lehen. Bestalde, proiektu zehatz batzuk aipatzearren nik oso garrantzitsua baina ikusezina den proiektu bat azpimarratu nahi dut, ur-horniketa sarea hain zuzen. Guztiok erabiltzen dugu eta horretan ari gara, 2013-2014-2015 urteetan. Sare hori berritzen eta aldatzen gaude etengabe.

Bestalde, San Jose auzoa dago. Bertan egiten ari den urbanizazio proiektua anbizio handikoa da eta hiru fase ezberdinetan egiten ari da. Horrek auzoaren itxura erabat aldatuko du eta harremanak ere. Bizi baldintzak aldatuko ditu. Hainbat aldaketa egiten ari dira propio pertsonentzat. Bukatzen denean ikusiko dugu proiektu benetan polita dela.

Bestalde, guri ez dagokigu kudeaketa baina garrantzitsua da anbulatorioa. Gu sartu ginenean nolabait jaso genuen anbulatorioa gauzatu behar zela. Beraz, ardurak hartu bezain laster horretan hasi ginen lanean, oraingo anbulatorioa txikia geratu dela ikusita. Handitzeko hainbat prozesu izan ditu baina beti ere behin-behinekoak.

Beraz itzalean hasi ginen lanean eta ideia gauzatzear dagoela plazaratu dugu proiektua jendeari galdetzeko. Kasu honetan badaukagu konpromisoa eta ziurrenik anbulatorioa eraikitzeko lanak 2015ean hasiko dira.

Badago ere San Anton proiektua eta badauka bere zentzua, bazegoen behar bat aspalditik. Amurriok leku estalia behar du eta kalean dagoena. Horrelako azpiegitura beharrezkoa da leku euritsu honetan. San Antonen dagoena momentuz ez du gutxiengo hori betetzen eta horregatik ari gara hori aldatu nahian.

Badaude beste gauza batzuk baina orduak lanean eman eta gero ez ditugunak guk kudeatuko: Nerbioiko Parke lineala, adibidez. Proiektu horri ordu asko ematen ari diogu bultzatzeko. Udala hartu genuenean geldirik zegoen eta lortu dugu bultzada bat ematea.

Beste horrenbeste esan dezaket saneamenduari buruz. Laster, 20 urte igaro eta gero, gauzatuko da.

Alkatetza izatea gogorra da?

Hori ez dut esango alkatetza utzi arte. Esperientzia moduan zoragarria eta ohorea da herri bateko alkatea izatea, berdin dio tamaina. Gauza batzuk, nahiz eta txikiak izan, lagungarriak badira hobetzeko, oso ondo daude.

Gero badago administrazioan gogoko ez ditudan hainbat gauza eta hori da txarrena.

Esperientzia moduan lana suposatzen du , orduak sartu behar dira eta batzutan lana egiterakoan sute txikiak itzali behar ditugu.

Ez dago aukerarik aspertzeko eta hemen nahi duzun beste egin dezakezu lan. Hori bai, ezin dugu ahaztu gaur egungo egoera ekonomikoak baldintzatzen duela proiektuen bultzada. Aintzat hartu behar dugu 6 urtetan Amurrioko udalaren aurrekontua erdira jaitsi dela.

Horrek esan nahi du baliabide gutxiago ditugula baina zerbitzuak mantendu behar direla. Eta lortzen ari gara kalitatezko zerbitzuak ematea.

Zein izango da zure ustez hurrengo hauteskundetan arerio indartsuena?

Ez dago hautagairik beraz ez dago jakiterik. Baina Amurrioko soziologian eta bilakaera politikoan erreparatuz lehia egon da EAJ eta EA-ren artean -gaur Bildu koalizioa-. Nik ez dakit Bildu koalizioan zer gerta daitekeen talde bat baino gehiagok osatzen du eta. Beraz ez dago jakiterik.

Baina argi dago egun Amurrioko herritar gehienak abertzaleak direla. Abertzaleok asko gara eta ziurrenik lehia EAJ eta EH Bilduren artean izango da. Atzera begira, azken 20 urteko emaitzek hori esan dute.

Talde berriren bat sortu dute herrian eta gainera Podemos-en agerpena egon zen azkenengo hauteskundetan. Nola ikuste duzu fenomeno hori?

Ziurrenik agertuko da. Badaramatzate hilabete batzuk horretan lanean eta haien eskubidea da eta beste aukera bat izan daiteke.

Ez daukat iritzirik horren inguruan. Baldin bada herriarentzat lan egiteko, nahikoa izan daiteke helburu moduan. Baina ikusi egin beharko da.

Hautagairik ez dagoenez ezin dut aurreratu, baina inguruko herrietan gertatu dena ikusirik antzekoa gerta liteke.

Hauteskunde kanpaina gainean izanik, zer etortzen zaizu burura?

Lehenik eta behin udalak jarraitu behar du funtzionatzen. Helburua hori da, erakundea ez gelditzea. Eta gero badago udaletxetik kanpo egin behar dena: beharren argazkia; nolabait beharrak aztertzea eta egiteko aukera dauden proiektuak jaso.

Gauza orori ez diegu baiezko eman behar baldin eta ezin baditugu egin. Aurreko hauteskundetan bezala programa errealista proposatu behar dugu.

Hurrengoa antzekoa izango da. Planteatzen dena, egingarria bada, jasoko dugu. Beti betetzeko helburuarekin. Horretan ibiliko gara.

Hala ere, gure lehenengo lana da erakundean lan egitea eta egunean soberan ditugun orduak bigarren lan horretara bideratu ditzakegu: programa errealista prestatzera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide