Apirilaren 19an izango da, bihar hain zuzen, Amurrioko gimnasia artistikoko Aresketa taldeak antolatzen duen txapelketaren VIII. edizioa. Bañueta kiroldegian izango da zita, 9:30etatik aurrera. Lau ordu inguru iraungo ditu topaketak.
Norgehiagokan Hego Euskal Herriko hainbat taldek parte hartzea dago aurreikusia, orotara 115 gimnasta, klubeko arduradun den Gorka Ladislaok aurreratu duenez. Helburua aurreko urteetako berdina dela azpimarratu du Ladislaok: “gimnasia erritmikoaren mundua herrira hurbiltzea”. Aresketako kideak gaineratu du taldea “geroz eta izen gehiago” hartzen ari dela, “ez soilik, EAEn, baita Estatu osoan ere”.
Euskadiko Txapelduna
Badute zer ospatu Aresketa Klubeko kideek, bertan dabilen Nerea Monasterio garaile atera baitzen Leioan egindako Euskadiko Txapelketan. Datorren astean Espainiako Txapelketan lehiatzera joango da Monasterio, klubeko beste bost kiderekin batera.
Horretaz gain, Eskolarteko Arabako Txapelketa hasiko da laster, eta Aresketakoek hainbat modalitateetan lehiatzeko asmoa dute.