Urte berezia da aurtengoa Amurrioko kuadrillentzat: mendi erdi betetzen baita Trot-Art eta Euskotarrak taldeak sortu zirenetik, funtzionatzen jarraitzen duten zaharrenak, hain zuzen ere. Euskotarrak taldeak hilaren 18an ospatuko du 50.urteurrena. Amurrioko lehen kuadrilla mistoa izan zen Euskotarrak.
Ez da kasualitatea aurtengo Urrezko Guk Saria Amurrioko Koadrilek jaso izana. Aurtengoa urte berezia da eurentzat, mende erdi betetzen baita bi kuadrilla zaharrenak sortu zirenetik: Euskotarrak eta Trot-Art.
Lehenengoak ekin dio jada bere urteurrena ospatzeari. Datorren apirilaren 18an kuadrillako gaur egungo kideak zein ohiak biltzeko asmoa dute, Euskotarraken sorreran aritu ziren pertsonak omendu asmoz. Txotxe Plaza da horietako bat. Ondo gogoratzen ditu garai haiek. Hain ondo ezen kuadrillaren lehen urte horiek idatziz plazaratu baititu, laster argitaratuko den liburu batean.
“1965. urtea zen; lagun talde bat bildu ginen mezak eta zezenak baino ez zituzten jai batzuei buelta emateko gogoarekin”, oroitu du. Kuadrilla moduan, baina, urte bat beranduago agertu ziren lehenbizikoz. Helburu nagusi bat zeukaten buruan: nongoak ziren aldarrikatzea. “Euskaldunak ginela adierazi nahi genuen”, azaldu du Plazak. “Horretarako gure hizkuntza indartzeko zein gure dantza, musika instrumentuak... erabiltzeko ahalegina egin genuen”.
Koadrilen loraldia
Garai hartan beste hiru kuadrilla zeuden herrian: Los Intocables, El follon eta Trot-Art. Lehena 1967. urtean disolbatu zen. El follon, berriz, duela hamabost urte. Bidean, ordea, talde berriak sortu dira: El Boli, Dantza Lagunak eta Herriarenak.
Euskaltasuna aldarrikatzeaz gain, bazegoen Euskotarrak berezi egiten zuen beste gauza bat: lehen talde mistoa izan zela. Ordura arte egondako koadriletan gizonezkoak baino ez zeuden.
Frankismoko azken urteak ziren, baina Plazak ziurtatu du ez zutela traba edo gatazka berezirik izan euren jarduerak aurrera eramateko orduan: “Horren handia zen geneukan ilusioa ezen gainontzeko guztiak ez zuela garrantzi handirik”.
Amurrioko historian egondako lehen talde mistoa izan zen Euskotarrak
Ilusio falta
Ilusioa da, Plazaren iritziz, galtzen joan dena. “Gaur egun jendeak ez du jaietan lehen bezala parte hartzen”, azaldu du Euskotarrakeko kideak, “badago lan egiten duen jendea, baina jaietan parte hartzeko grina ez da lehen zegoena bezalakoa”.
Plazak duen sentsazioa ez da kuadrillako kide beteranoenek soilik duten zerbait. Euskotarrakeko kide gaztea den Julen Berazak ere bat egiten du ilusioa galdu egin denaren baieztapenarekin: “Lehen zegoen kutsu aldarrikatzailea leunduz joan da da”.
500 bazkide
Hala ere, Euskotarrak taldeak Amurrioko kuadrillarik sendoenetako bat izaten jarraitzen duela ziurtatu du Berazak. Taldeak dituen bazkide kopurua jarri du horren frogatzat: 500 inguru baitira guztira. “Badaude atzerrian bizi diren kideak, jaietarako soilik datozenak”, aipatu du gazteak. Adin aldetik ere oso kuadrilla anitza da: “16-29 urte bitarteko pertsonak daude, eta umeak ere animatzen dira parte hartzera, karroza margotuaz, adibidez”.
Gaur egun 500 lagunek osatzen dute Euskotarrak, herriko kuadrillarik handiena da
“Lagun talde bat bezala jarraitu izan bagenu desagertuak egongo ginateke honez gero”, ziurtatu du Plazak. Baina, hori egin baino, kuadrilla zabaltzeko hautua hartu zuten. Bait alortu ere, taldea sendo mantendu baita kide beteranoaren ustetan. Indar hori guztia ikusteko aukera egongo da apirilaren 18ko zitan. Egingo den bazkarirako 400 kidek eman dute jada izena. Bertaratzerik ez dutenek, baina, izango dute urteurrena ospatzeko bigarren aukera bat, abuztuaren 16an, hain zuzen ere. Jaien baitako egun horretan zerbait egitea dute buruan Euskotarrakeko kideek, baina oraindik ez dute zehaztu zer izango den.