Amurrioko Udalak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Zerbitzutako Sailearen menpe dagoen Alokabide enpresa publikoarekin hitzarmena adostu berri du etxebizitza hutsen mugikortasuna sustatzeko.
Bi programa biltzen ditu hitzarmenak: BIZIGUNE edo etxebizitza hutsen programa eta ASAP delakoa, hau da, “alokairu segurua, arrazoizko prezioa”. Bi programen bitartez udalak Amurrioko biztanleriak etxebizitza duin batean bizitzeko eskubidea izatea eta etxebizitzen jabeek alokairuak garaiz jasotzea eta berme guztiak mantentzea du helburu gisa.
Amurrioko alkate den EAJko Josune Irabienek adierazi du hitzarmenaren harira: “Gaur egun, etxebizitza huts asko daude Amurrion. Alabaina, herritar askok ezin dute erabili etxebizitza duin eta egoki batez gozatzeko eskubidea. Hori dela eta, nahitaezkoa da okupatu gabeko etxeak hartu eta gizarte-errentan ematea. Horren helburua da, hain justu, etxebizitza duin bati gizarte-erabilera ematea arrazoizko prezioan; merkatu librera sartzeko baliabide nahikoa ez duten herritarrentzat pentsatua dago nagusiki.”