Arabako Foru Aldundiak Saratxoko errepidean egiten duen mantentze lana eskasa dela salatzeko mozioa onartu du Amurrioko Udalak. EAJ, Bildu eta PSE-EE udal taldeek alde bozkatu dute eta PP-k aldiz kontra.
A-625 errepidearen zati horren egoerak arriskua ekartzen duela adierazten dute mozioan. Amurrioko Udalak Udaltzaingoaren txostenak aurkeztu ditu azken hilabeteetan errepidearen egoera ona ez dela izan frogatzeko.
Errepide berria egiteko proiektua badauka Foru Aldundiak baina Amurrioko Udaletik eta Saratxoko Administrazio Batzarretik kontrako arrazoibideak aurkeztu eta hainbat aldaketa proposatu dira.
Aldaketa horiek aintzat hartzea eta errepidea hobetzeko lanei lehenbailehen ekitea eskatu du Udalak egun dagoen arrisku egoerarekin bukatzeko.