Turismoa eta enogastronomia uztartzeko asmoz, Artomañako txakolindegia bisitatu zuten Baskoniako jokalariek eta Ibon Navarro entrenatzaileak. Saskibaloi-taldeko zuzendaritzako kideak eta Arabako ahaldun nagusia ere egon ziren bertan.
Mahastietatik paseatu, txakolingintzaren sekretuak ezagutu eta azken uzta probatu ondoren, eskualdeko menu tipikoa dastatzeko aukera izan zuten bisitariek. Lehenik eta behin, oilasko-entsalada; horren ostean, txitxiki-nahaskia, odolostea piperradarekin eta arkume errea. Azkenik, postrerako, milorria, Idiazabal gazta eta Izoriako eztiarekin egindako mamia.