Euskal Herriko unibertsitateetan herri unibertsitateak antolatu zituzten pasa den martxoaren 16, 17 eta 18an hezkuntza eredu propioa lantzeko helburuarekin, eta oraingoan, eskualdean Aiarako Ikasle Abertzaleak-ek herri eskolak antolatu dituzte datozen erreformei uko egin eta tailer teoriko-praktiko ezberdinen bitartez alternatiba errealak martxan jartzeko.
Amurrioko Zaraoben burutuko dituzte herri eskolak datorren martxoaren 26an, ostegunean, eta Laudio zein Amurrioko ikasleria batuko da bertan. Ikasleek goizeko egitaraua prestatu dute eta 11:30etan ekingo diote herri eskolei.
Ikasleek adierazi dutenez ez dituzte inondik inora erreformarik onartuko eta hezkuntza eredu propioa lantzen hasiko dira. Hurrengo ikasturtera begira LOMCE, Heziberri edota EU2015 desobeditzeko prest daude.
Mobilizazio dinamikak
Hezkuntzan ematen ari diren erreformei ezezko borobila eman zuten Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitutako otsailaren 26ko azken mobilizazioan. LOMCE legearen, Eusko Jaurlaritzaren Heziberriren curriculumaren eta EU2015 unibertsitate erreformaren aurka Laudioko kaleak bete zituzten. Erreforma horien aurrean, hezkuntza eredu propioa aldarrikatu zuten ikasleek.
Iragan otsailaren 26an Laudion egin zuten manifestazioan adierazi zuten ikasleek datozen erreformei planto egin eta eraikuntzara salto egingo zutela. Izan ere LOMCE, Heziberri edota EU2015 erreformak gainean dituzte, eta lege berri hauen aldaketekin ez datoz bat.