Aimara Antzerki Taldeak antzerki laburreko lehen jardunaldia antolatu du Amurrioko Kultur Etxean martxoaren 28rako. Lau antzezlan laburrez osaturiko emanaldia prestatu dute antolatzaileek 19:00etatik 22:00ak bitartean hiru aldiz errepikatuko dena, tarteetan Urrigan folk taldea arituko delarik.
Aimara eta Leyre Berrocal
Aimara Antzerki Taldeak Bilbao Café Bar Antzerki Saria eskuratu duen “La esquela” antzezlana aurkeztuko du Jardunaldietan. Horrez gain, Leyre Berrocal aktore amurrioarrak Izaskun Barrosorekin batera urte hasieran Bilbon aurkeztu zuen “Diez” antzezlana eskainiko du.
Programako beste bi lanak “Buenas noches madre” Itziar Lazkano eta Diego Perez aktoreekin eta “Suicidio en 15 minutos” Javier Liñera eta Peñi Leónek idatzi eta antzeztutakoa izango dira.
Sarrerak
Emanaldi bakoitza osatzen duten lau saioak ikusteko sarrerak salgai dituzte dagoeneko Kultur Etxean 8 euroren truke eta astelehenetik aurrera antzezlan solteak ikusteko sarrerak ere izango dituzte salgai; 4 eurotan lan bakarra ikusteko, 6 eurotan bi eta 7 eurotan hiru ikusi nahi dituztenentzat. Izan ere aretoaren publiko edukiera 40 edo gehienik jota 50 pertsonatara mugatuko da.