Martxoaren 8ko egitaraua ez da oraindik bukatu Amurrion. Horren adibidea da larunbatean 17:00etan egingo duten lasterketa. Kirol hitzordu horren bidez parekidetasuna aldarrikatu nahi dute Amurrion.
Herriko plazatik abiatuko den 5 kilometroko ibilaldia ez da lehiakorra izango, edonork parte hartu dezake /berdin dio bere adina/ eta bere asmoa da ahalik eta jende gehien erakartzea aldarrikapenarekin bat egin dezaten amurrioarrek.
Erritmoa motela izango da parte-hartzaile guztiek talde bakarra osatu dezaten. Korrika ez ezik, bizikletaz edo patinen bitartez parte har daiteke.
Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea eta lasterkari orok jasoko dute kamiseta.
Lasterketaren ostean askaria egongo da eta parekidetasunaren aldeko mezua irakurriko dute.
Amurrioko Udaleko Berdintasun eta Kirol Sailek antolatu dute ekimena Oinkariak taldearen laguntzarekin.